Aurelia Arkotxa.
Maratila

In Tempo (II)

2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Hunkitzen nau molde berezian Pier Paolo Pasoliniren abotsak friuleraz Casarsa poesia leitzen duelarik. Zuri beltzezko argazkiak desfilatzen ari pantailan: Pasolini kafe batean zerbaiten hartzen, periodikoa mahai gainean zabalik duelarik, bere paltoa soinburuetan emana; Pasolini kameraren gibelean. Begi beltz magnetikoak, matel zorrotzak, hezur eta larru egina. Eta entzuten da friuleraz ari delarik haurtzarotik heldu zaiola hizkuntza, bihotzean duela eta arrotz dela ere pixka bat mihia behaztopatzen zaiolarik doi-doia coma eta cialsina-ren artean (aldiz italieraz leunki errezitatzen du, neutroki, hotzki erran litzateke):Ciasarsa ta chel luzoùr di estàt ch'a no mòur mai, blanc e sec coma la cialsina, i la jot cà vissina, e jo frut, cu li barghessis e li majs … «Casarsa, nehoiz abian ez den udako argihartan, gisua bezain zuri eta idor, hemen dakusat hurbil-hurbil, eta ni haurra…» (Poesia a Casarsa, Bolonia 1942). Tavo Burat (Gustavo Buratti) poeta piemontearraren hitzetan (Pasolini: dialetto rivoluzionario e minoranze linguistiche, 1994) friuleraz izkiriatzea iraultzarekin lotzen du Pasolinik. Gogorarazten zaio Burati 1975eko urriaren 21ean Lecce-ko, lizeo zientifikoan Pasolinik -ikasleen aitzinean eman zuen Volgar'eloquio«Eguneroko hizkuntza» deitu mintzaldia. Han erranak: dialektoaren eta herrikoi kulturaren arteko harremanak… zentralismoa eta faxismo berria… kontsumismoaren zentralismo linguistiko eta kulturala: la necessità di lottare contro questo nuovo fascismo che è l'accentramento, che è l'accentramento linguistico è culturale del consumismo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.