Nora Fernandez
EHUko Genetika irakaslea eta ikertzailea

Immunitatea eta X kromosoma II

2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Duela urte batzuk, BERRIAko kolaboratzaile, eta nire lankide eta lagun den Iraia Garciak Immunitatea eta X kromosoma artikulua idatzi zuen zutabe honetarako. Bertan, COVID-19ak gizonengan emakumeengan baino ondorio larriagoak dituela azaldu zuen, beste arrazoi batzuen artean, emakumeok X kromosoman kokatzen den eta birusen detekzioan parte hartzen duen TLR7 genearen bi kopia ditugulako. Garciak artikuluan azaltzen zuen bezala, TLR7 genearen bi kopia horien ondorioz, kopia akastunen aurrean kopia bakarra duten gizonak baino erresistenteagoak gara emakumeak. Oro har, bi X kromosoma izatea emakumeon erantzun immunea indartsuagoa izatearekin erlazionatu izan da orokorrean, baina, noski, distira guztiak ez dira urre, eta honek baditu bere desabantailak.

Gaixotasun autoimmuneetan, esaterako, gaixoen %80 inguru emakumeak dira. Izan ere, emakumeon X kromosoma bietako bat inaktibatu egiten da normalean, baina jakina da bertan kokatutako gene ugarik inaktibaziotik ihes egiten duela, eta horietako hainbaten dosi bikoitza izatea immunitatearekin lotuta dagoela. Zentzu horretan, gure ikerketa taldeak artikulu bat argitaratu zuen pasa den urteko abenduan, Biology of Sex Differences aldizkarian. Bertan, iturri ezberdineko datu genomikoak aztertu eta emakume eta gizonen adierazpen patroiak alderatuz, eritasun zeliakoak emakumeengan prebalentzia handiagoa izatea azaldu lezakeen X kromosomako gene bat identifikatu genuen, TMEM187 alegia.

Berriki, gure ikerketa argitaratu eta hilabete gutxira, Standforreko Diana R. Dou eta kideek jauzi kualitatibo aparta egin dute emakumeengan behatzen den gaixotasun autoimmuneen prebalentzia altuagoaren auzian: X kromosomaren inaktibaziotik eskapu egiten duten gene andanek baino, X kromosoma inaktibatzen duen mekanismo globalak berak eragin lezake autoimmunitatea. 

Pauso erraldoia

Inaktibazioa ahalbidetzeko, XIST izenez ezagutzen den RNA kate luzeak harilkatzen dira kromosomaren inguruan, eta pixkanaka-pixkanaka dozenaka proteina erakartzen dituzte, barneko geneak modu eraginkorrean isilarazten dituzten konplexuak eratzeko. XISTekin elkar eragiten duten proteina asko autoantigorputzak izeneko molekula immunologiko okerren itu dira. 

Autoantigorputz horiek ehunei eta organoei eraso egin diezaiekete, gaixotasun autoimmuneen ezaugarri diren hantura eta kalte kronikoa eraginez. Cell aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, normalean XIST adierazten ez duten sagu arretan XISTen adierazpena eragiteak, lupusaren moduko gaixotasuna sorrarazten du, eta baita odoletako XIST-proteinen aurkako autoantigorputzen gorakada ere. 

Ikertzaileen aburuz, autoantigorputz horiek diagnosian erabili ahal izatea pausu erraldoia izan liteke, paziente askoren maneiu klinikoan eragin zuzena izango bailuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.