Azpeitiko San Agustin kulturgunean egin dituzte aurtengo topaketak BasHerri taldeek, Gipuzkoako kontsumo taldeek. Azaroaren 25 eta 26an izan ziren, Biolur Elkarteak eta EHNE sindikatuak antolaturik.
Lehenengo eguna baserritarren eguna izan zen. 50 lagun inguru bildu ginen lehenengo egunean.
Goizean baserritarren asmo eta beharrak zeintzuk diren identifikatu genuen, eta baserritarren talde iraunkor bat osatzea erabaki genuen.
Baserritarren arteko harremanak estutu eta sendotu behar direla sumatu zen, eta bildu beharra, baserritarren arteko behar komunak asetzeko, ezagutza partekatzeko, elkarri laguntzeko, eta abar.
Baserritarrak eskualdeka edo bailaraka taldeak osatzea adostu genuen, eta gertutasunaren garrantzia azpimarratu.
Lau talde sortu ziren: BasHerri-Deba, BasHerri-Donostialdea, BasHerri Tolosaldea eta BasHerri Goierri. Bakoitzak bere autonomia izango du. Taldeak bere dinamikan jarraituko du, eta sei hilabetean behin talde guztien ordezkariak batuko dira, eskualde bakoitzean zertan ari diren jakiteko eta lan komunak zeintzuk izan daitezkeen adosteko.
Arratsaldean, BasHerri Taldeetan parte hartzeko baserritarrek hartu beharreko konpromisoak zeintzuk izan behar diren adostu genuen, jakinda betiere baserritarren ekoizpen konpromisoen dokumentuak lantzen jarraitu beharko dugula guztion beharren arabera.
Ostiraleko jardunaldia amaitzeko, Kataluniatik ekarritako esperientzia bat ezagutu genuen, Associacio Xicoria. Elkarte horrek baserritarren sare batean parte hartzen du, Gent del Camp izenekoan. Oso aukera polita izan zen beste lurralde bateko eredu desberdin bat ezagutzea, gure aurrerapausoak zeintzuk izango diren erabaki aurretik.
Bigarren egunean, larunbatean, 24 BasHerri taldeetako ordezkariak azaldu ziren.
BasHerri taldeen oinarrizko konpromisoen dokumentuak harrera ona izan zuen, eta beharrezkoa ikusi zen BasHerri taldeak definitzeko. BasHerri taldeen konpromisoen antzera, barne antolaketarako zenbait eredu jaso eta zabaltzeko konpromisoa ere hartu zen.
EHNE eta Biolurrek aurkeztutako proposamenak eztabaidatu eta gero, BasHerri talde bakoitzak erabakiko du BasHerri sarearen dinamikan sartu edo ez, konpromisoen dokumentuan aldaketarik proposatzen duen, barne antolaketari buruzko aipamenak, eta abar.
Taldeetan eztabaida egin ondoren, eskualdeka biltzeko konpromisoa hartu zen —otsailaren 24a ipini zen eskualde bakoitzeko taldeak biltzeko epea—.
EHNE eta Biolurrek konpromisoa hartu zuten baserritarrek eta herritarrek behar duten prestakuntza lantzeko eta mugimendu honetan lan egiten jarraitzeko.
Lan handia izango da hurrengo topaketak baino lehen, baina, bidea luzea izan arren, guztion parte hartzearekin gero eta norabide hobean gabiltzalakoan gaude.
Animo, ba, guztioi eta gora BasHerriak!
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
III. BasHerri Topaketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu