Dauden ibai mitiko guztietatik, nirea, sekula ikusi ez, baina hala ere nire-nirea dela badakidana, ez da Danubio deitzen, ez da Mississippia: nire ibaia Niger da. Ez da munduko handiena, baizik hamalaugarrena; ezta Afrikako handiena ere, baizik hirugarrena: zerrendarik esklusiboenetan agertzeko bezain luzea, baina aho batez goraipatua izateko laburregia. Eta badu, hala ere, bere aurreko hamahiruek ez duten ezaugarri bat: pentsamendu logikoaren kontra doa. Itsasotik 240 kilometro eskasera jaio arren, haranzko norabidea hartu eta ibai kakanarru bat izatearen kondena onartu beharrean, beste alderantz jotzen du, itsasoari bizkarra eman eta basamorturantz, eta 4.200 kilometroz paseatzen ditu urak, adarra jotzen ariko balitzaigu bezalako U alderantzikatu bat marraztuz, azkenean iturburutik hain aparte ere ez dagoen delta batean itsasoratzeko. Bere bidea egiten du, apurtu egiten ditu muga kartaboiz marraztuak, auskalo zenbat hizkuntza zeharkatzen dituen; eta astiro doa: Malin, elkarrengandik 400 kilometrora dauden Timbuktu eta Mopti hirien artean, ibaiak bi metroko desnibela baino ez du, eta ez dago jakiterik badoan ala badatorren.
Euskal Herrian, berriz, Baia da gure Nigertxo. 40 kilometro ere ez ditu Kantauri itsasoraino, baina honek ere ez du nahi: hegoalderantz jiratu, eta 60 kilometro egiten ditu Ebroraino.
Inoiz mendian kontatu didaten istoriorik liluragarriena da hori, artean umea nintzela: Baiaren iturburura joan, eta aitak esan zidanekoa ikusten ari nintzen ur hura Mediterraneoraino heltzen zela. Esaldi hark, hitzez osatutako horizonte infinitu hark, logikaren mapa guztiak hautsi zizkidan, eta hortxe dago oraindik bizirik: agortzen ez zaidan ibai bat da txundidura.
Urmuga. IRITZIA
Ibaien logika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu