Elikadura. Eko-tik

Honki jin, EHKO!

2013ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Beste mugarri bat gainditu du Euskal Herri osoko laborari ekologikoek 2008an hasitako hausnarketa prozesuak. Azken urte eta erdian jarraitutako dinamikaren ondotik, EHKOlektiboak aurrerapauso handiak eman ditu: ekoizpenaren arabera finkatutako lantaldeetan oinarriak ezarri dira, kolektiboak komunean dituen irizpideak adostuta daude, eta Euskal Herriko laborantza bio-ekologikoa, etxaldekoa eta herrikoia ezagutarazteko identifikatzailea prest dago. Zuek, laborariek egin duzue lan hori.

Ezin albo batera utzi animatzaileek, AloƱa eta Itziarrek, jokatu duten ezinbesteko papera: haiek hauspotu dute EHKOren sua, laborariak elkartzeko ahalegin berezia eginez. Aldi berean, zuzendaritza batzordeko kideen lemazain lana ere funtsezkoa izan da, indarrak ongi bideratu ahal izateko. Baina behin elkar hartuta, baserritarrak ederki moldatu zarete EHKO elikatzeko.

Asko aurreratu da, eta, oraindik ere, bide luzea dago urratzeko. Mauleko topaketan erabaki bezala, EHKO elkarte autonomo moduan eratuko da aurki. Datozen urteetarako erronka izango da EHKOren sua, mantendu ez ezik, are gehiago hauspotzea. Horretarako, laborarien parte hartzea bere horretan mantendu beharko da, eta herritarrena bilatu. Dinamikak maila egokian jarrai dezan, ezinbesteko baldintza izango da animatzaileen lana finantzatzeko bideak topatzea. Gauza horietaz arduratzen direnak jadanik badabiltza horretan lanean. Bitartean, laborari, eutsi EHKOren txingarrari. Euskal Herri agroekologikoa pizten ari gara.

2011-2013 epean egindako lanaren dosier modura, Ekolurra aldizkariaren azken zenbakia berezia izango da, izenetik hasita. EHKOlurra honetan, ekoizpen motaren araberako lan taldeetan sortu diren zuhaitzak topatuko dituzue, baita kolektibo osoarentzat komuna den zuhaitz bateratua ere. Horrezaz gain, EHKOren betebehar nagusietako bat laborarien arteko ezagutza sustatzea baita, hainbat laborariri egindako elkarrizketak irakur ditzakezue. Zenbaki berezi hau osatzeko, prozesuan identifikatutako gabezia komunak lantzen dituzten adibideak ere ekarri ditugu: proiektu kolektiboen beharra, sareak ehuntzeko beharra, eta beste era batean komunikatzeko beharra. Ekolurra-ren harpidedunek (udal liburutegi gehienak talde horretan sartzen dira) aurki izango dute paperezko edizioa. Beste guztientzat, bertsio digitala eskuragarri egongo da urtea bukatu baino lehen, www.eneek.org webgunean.

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK- Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.