Elikadura. Hazkurri kontuak

Hogei asmakuntza behinenak

2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Zientzia Naturalaren Aurrerapenerako Londresko Errege Elkarteak (Royal Society, alegia) elikaduran garrantzi gehien izan duten 20 asmakuntza-berrikuntzen zerrenda plazaratu du, irisgarritasuna, produktibitatea, estetika eta osasuna aintzat hartuta. Hona, hogei mesedegarriak:

Hozte artifiziala (1748).

Pasteurizazioa (1862).

Latorrizko kontserba lata (1810), elikagai batzuen jangarritasuna bost urteraino luzatu duena.

Labea: duela sei bat mila urte erabiltzen bazen ere, egungo labe domestiko txiki arinak garrantzi handia du egungo sukaldaritzan.

Ureztatzea: ura zangetan barrena bideratu eta banatzeari esker bermatu da laborantzaren nolabaiteko arrakasta.

Uzta-makina, lan itzela egiten baitu.

Labean erretzea: hasieran harriak (esnarriak, adibidez) sartzen ziren likidoan edo txingarra ontzi batean, elikagaiak erretzeko.

Hazkuntza berezitua, aspektu interesgarriak dituzten animalia edo landareak bereiztea, alegia, elikagaien kalitatea eta produktibitatea hobetzeko.

Alea errotan ehotzea, irina eta antzekoak erdiesteko.

Goldea, landare elikagarrien ereintza eta ekoizpena erraztu zuelako.

Hartzidura, elikagaiak jangarri kontserbatzeko eta bestelako ezaugarriez aberasteko balio baitu.

Harri arotik datorkigun asmakuntza bat: arrantza sarea.

Lugorria edo laboreen txandakatzea: lursail berean landare desberdinak txandaka ekoizteari esker lurrak elementu gutxiago galtzen ditu eta izurriteei aurre egiten zaie.

Eltzea, sukaldaritza izugarri aberastu duelako.

Labana, etengabe eboluzionatzen ari dena, sukaldean ezinbestekoa.

Sukaldeko tresneria (bitsadera, burruntzalia, etab.) horiei esker elikagaien egospena hobetzen delako (tamaina egokitu, azala erauzi, etc).

Botila, garrafoi, txarro eta antzekoen kortxoa, itxidura eraginkorra, kortxoa samurra baina iragazgaitza baita.

Barrika, mendez mende, likidoak eduki eta garraiatzeko ezinbestekoa.

Mikrouhineko labea, bestelako egospena ekarri duelako.

Frijitzea, horri esker sukaldaritza-tekniken zerrenda ere luzatu delako. Kontuan izango dugu orain 4.500 urte Babilonia eta Egipton gauzak frijitzen zirela.

Akaso ez gaude oso konforme sailkapen horrekin, katxi, solomo bokata edo txiklea agertzen ez delako, baina horixe erabaki dute Royal Societyko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.