Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Hizkuntza irizpideak

2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Galiziako TVG telebista publikoak kargu hartu dio aurkezle bati g hizkiaren ahoskatze estandarrena ez erabiltzeagatik. Hots, «gracias» edota «ata logo» horien partez, «jracias» eta «ata lojo» esateagatik, betiere j hori hasperenduna izanik —ekialdeko euskalkietan h hizkiaren antzera, nire fonetika ezagutzen arabera—, eta ez espainieraren j hizkiaren ahoskatze estandarrena. Real Academia Galegak onartu egiten du ofizial gisa hasperentze hori ere, baina eremu formaletarako ez du egoki ikusten. Bada kontra egiten dion hizkuntzalaririk, ofizial eta erabilia izanik, galdetzen duenik zergatik ukatzen zaion, adibidez, albistegietarako sarrera. Ezen albistegietako zuzendaritzatik etorri baita agindua, eta aurkezleak, noski, aldatu egin behar izan du ahoskera derrepentean.

Gauzak etxekotzeko joera patologikoaren ondorioz, euskarazko telebista publikoan zer gertatuko litzatekeen irudikatu dut. Tarteka kritikatu izan da bertan erabili den euskara, egia —hori euskara erabiltzen denean; begira bestela zer egiten ari diren Zaindu saio estreinatu berriarekin—. ETB1en euskara irizpideak zeintzuk diren zuzen jakin gabe —badago jakiteko modurik, dokumenturik?— pentsatzekoa da Euskaltzaindiaren arauak jarraitzen direla, estuki. Eta, ondorioz, j hizkiaren kasuan, luze gabe, Euskaltzaindiak dioena egiten dela. Hots, salbuespenak salbuespen, j letraren euskarazko ahoskera oinarrizkoa y denez, albistegietan-eta ahoskera hori ematen zaiola. Hala ere, eta gaurko egoera kontuan izanik, pentsatzen dut espainiera eta frantsesaren j estandarrak ere, onartuak izanik, lasai asko erabil litezkeela egoera informalagoetan, telesail batean, esaterako. Ez dakidana da Lekeitioko tertuliakide bati j hizkia herriko ahoskeran egiteagatik kargu hartuko lioketen.

Baina arrazoi duzue, txikikeriak dira horiek guztiak. Galegoen kasuan ere bai, arazo puskaz larriagoak dituzte: galegoa erabiltzen ez duten tertuliakideak, estandarra erabiltzen ez duten esatariak, gaztelaniaren meneko galegoa erabiltzen dutenak, akats larriak dituzten idazkun etengabeak, eta abar. Ez dakit horietako zenbat ekar daitezkeen gurera, horietako zenbat ditugun benetako arazo. Saioaren araberakoa ere izango da, seguru. Baina orduan, zergatik ez, zalantzak uxatzeko, hizkuntza irizpideak txukun argitaratu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.