Seneszentzia. Ahoskatzea bezain konplexua da zelulen seneszentziak gure gorputzean dituen funtzio guztiak zehaztea. Dirudienez, zelula seneszenteei bideraturiko terapiak alzheimerra, minbizia, osteoartritisa edota COVID-19a bezain desberdinak diren gaixotasunen aurkako tratamendu gisa erabil daitezke. Zer dute zelula seneszenteek gaixotasun horien guztien aurkako tratamendu berrien jomuga izateko?
Zelulen bikoizketa kopurua mugatua da. Behin muga horretara iritsita, bi bide har ditzakete: heriotza prozesua aktibatu edo zelula seneszente bihurtu. Seneszentzia prozesua egiten duten zelulak ez dira hiltzen, ez momentu horretan behintzat, eta egoera horretan denbora luzez iraun dezakete. Askotan «zelula zonbi» deitzen zaien arren, zelula seneszenteak metabolikoki aktiboak dira eta inguruko zelulei seinaleak igortzen dizkiete, ehun hori birsortu beharra dagoela komunikatzeko. Horrela, mutazio kaltegarriak jasan dituen zelula bat minbizi zelula bilakatu beharrean, seneszente bihur daiteke eta bidaltzen dituen seinaleei esker tumore supresore moduan joka dezake. Bestetik, enbrioien garapenean edo birsortze prozesuetan ezinbesteko funtzioa betetzen dute. Hala nola gibel zati bat kentzeko kirurgia ondorengo errekuperazio prozesuan zelula seneszenteak ezabatzeak gibelaren birsortzean ondorio kaltegarriak dakartzala frogatu dute saguetan, zelula horien funtzio onuragarria azpimarratuz.
Dena den, zahartzean seneszentzia egoerara igarotzen diren zelulen kopurua handituz doa eta igortzen dituzten seinaleek onura baino kalte gehiago eragin dezakete. Nerea Osinaldek 2021ean Argialdian argitaraturiko artikulu batean primeran azaldu zigun nola zelula seneszenteak zahartzearen eragile izan daitezkeen. Gainera, erabiltzen diren minbizi tratamendu gehienek minbizi zelulei kalte egiten dietenez, horietako batzuk seneszente bihurtzen dira. Aldaketa horren ondorioz tratamenduak ez die eragiten eta bizirauteko aukera izaten dute. Zelula horiek igortzen dituzten seinaleak tumorearen hazkuntza areagotu dezaketela frogatu dute. Gainera, seneszentzia prozesu itzulgarria denez, seneszentziatik ihes egiten duten zelulak minbizi batzuen zabaltzearekin erlazionatuta egon daitezkeela uste dute. Gaur-gaurkoz, hogei proba kliniko abian dira: terapietan minbiziaren aurkako botikak zelula seneszenteak hiltzen dituzten farmakoekin batera probatzen ari dira.
Ikusten denez, zelulen seneszentziak onura edo kalteak eragin diezazkiguke. Hori horrela izanik, ez dira gutxi tratamendu horiek erabiltzen hasi aurretik froga gehiago eskatzen dituzten adituak, izan ere, prozesu konplexu horren mekanismoen xehetasunak ez ditugu oraindik guztiz ulertzen. Ikerketa berriek eta martxan dauden froga klinikoen emaitzek lagunduko digute gaixotasunen aurrean zelula seneszenteak etsai edo lagun ditugun ulertzen.