Izortze Santin.
ARGI ALDIAN

Heste-flora eta odol-talde aldaketa

2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Egunero, mundu osoko ospitaleetan odol-emaileek emandako milioika litro odol erabiltzen dira ebakuntzetan, emergentzietan eta bestelako prozedura medikoetan. Erraza dirudien arren, odol-hartzaileek ezin dute edozein odol-taldeko odola jaso, eta hartzailearen eta emandako odolaren arteko bateragarritasuna egotea derrigorrezkoa da, errefusa gerta ez dadin.

Azken urteetan ikertzaileek esfortzu handiak egin dituzte, A eta B taldeetako odolak emaile unibertsala den O- taldera eraldatzeko. Horretarako, A eta B taldeetako odoleko globulu gorrien gainazalean dauden azukre molekulak (antigenoak) ezabatzen saiatu dira. Aspalditik ezagutzen da globulu gorrien gainazalean antigeno bat edo beste jartzeaz arduratzen den entzima, eta saiakera anitz egin dira entzima hori beste molekula batzuen bidez inhibitzeko, baina egindako esperimentuek ez dute orain arte emaitza arrakastatsurik ekarri.

Orain, Kanadako British Columbia Unibertsitateko ikertzaile talde batek ikusi du giza hesteetan bizi den bakterio batetik erauzitako entzima batek A eta B taldeetako odolak O- taldera eralda ditzakeela. Taldeko ikertzaile nagusiaren aburuz, entzima hori erabilita garatu duten metodologia orain arte globulu gorrietatik A eta B taldeetako antigenoak kentzeko erabili izan diren teknikak baino 30 aldiz eraginkorragoa da, eta, ondorioz, edozein pertsonak jaso dezakeen O- taldeko odol horniketa nabarmen handitu daiteke oso modu errazean. Teknika honen garapena bereziki garrantzitsua litzateke urrutiko komunitateetan, emergentzia egoeretan eta gatazka armatuetan, non unibertsala den odolaren horniketa ezinbestekoa den.

Entzima hori identifikatzeko, metagenomikako teknikak erabili dituzte ikertzaileek; hau da, lagin batean —kasu honetan giza-gorozkietan— dauden milioika mikroorganismoen DNA sekuentzien analisia egin dute. Sekuentzia horietan azukre molekulak apurtzeko gaitasuna duten entzimen sekuentziak bilatu dituzte, eta heste-flora osatzen duten zenbait bakterioren DNAn hainbat entzima hautagai identifikatu. Giza gorozkien metagenomika egitearen hautua ez zen zorizkoa izan; izan ere, ikertzaileek bazekiten hesteetako paretetan odol zeluletako A eta B antigenoen berdinak diren azukre-molekulak dituzten proteina glikosilatu ugari daudela. Gainera, heste-florako bakterio ugarik hesteetako azukre-molekula horiek liseritzeko gaitasuna dutela bazekiten ere.

Behin entzima hautagaiak identifikatuta, laborategian ekoiztu zituzten, eta A eta B taldeetako odolekin kontaktuan jartzean entzima horiek globulu gorrietako odol antigenoak liseritzeko gaitasuna zutela ikusi zuten.

Bartzelonako Clínic Ospitaleko Hemoterapia Zerbitzuko zuzendaria den Miquel Lozanaren iritziz, aurkikuntza honek praktika klinikorako potentzial handia dauka, odol-transfusiorako poltsetan entzima hau gehitzeak odol-taldea kontuan izan gabe edozein pertsonari transfusio bat egitea ahalbidetuko bailuke.

Orain arte egindako probak in vitro direla kontuan izanda, ikusi beharko da ea gizakietan erabili eta praktika klinikora eraman daitekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.