Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Herri Irratia gogoan

2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Plazer hutsa. Loiola eta Donostiako Herri Irratiari (HI) begiratu polita eman zitzaion Onda Vascan herenegun, Javier Vizcainok eta Olatz Iartzak zuzenduta, haren jaiotzaren 55. urteurrenaren aitzakian. Marijo Garijo, Joxemari Iriondo, Inaxio Arregi, Txaro Arteaga, Koldo Ordozgoiti, Mariano Ferrer eta beste zenbait gonbidaturen testigantzak ezin gomendagarriagoak egiten dira irrati horren seme-alaba garen giputzontzat ez ezik, baita edonorentzat ere; izan irratizale, izan historiazale, izan kazetari, izan euskaltzale… Saioaren zati bat entzungai dago OVren web orrian. Merezi du fonoteka pertsonalean gordetzea, tarteka entzuteko, asko zor diegulako garenetik eta egun entzuten dugunetik.

Kontu sinesgaitzak. Ez dira urruneko gauzak kontatzen dituztenak, baina Paleolitokoak egiten zaizkigu egungo mentalitatetik, sinesgaitzak kasik. Nola ibiltzen ziren etxez etxe kaxa sintonizatzaileak ipintzen, entzuleek FMn entzun zezaten; nolako trikimailuak erabiltzen zituzten informazioa aske eman ezin-eta RNeko albistegiekin konektatu behar zenean; zer zen buklearen sistema zentsuratzailea (dena magnetofonoan grabatu eta hiru segundoren ostean emititu beharra, ekiditeko azpitik ezer sartzea); Belodromoko 24 ordu euskaraz jaiaren atzean jazotakoak…

Herritarrekin konexioa. Irratiak bertsolari gazteen txapelketa antolatu Loiolan, irabazlea hautatzeko entzuleei bozketa proposatu, eta 800 gutun (ez WhatsApp) jaso omen zituzten. HIren arrakastaren gakoa, non ote? Tabuak ziren gaiak jorratzeaz gain, gertutasuna erakusten zuelako herritarrek arnasten zutenarekin, Arteagaren arabera. Ordozgoitirentzat, erresistentziaren irratia izan zen, irratirik askeena dialean, SER katearen eta RN irratien diskurtso ofizialista inposatua zen sasoian. Arregiren iritziz, profetikoa eta aitzindaria izan zen irratia, batik bat euskararen normalizazioaren arloan.

Atzo eta gaur. Irrati harekiko betirako sentitzen dugu lotura afektiboa; aitortzen dugu orduko esatarien profesionaltasuna, konpromisoa, ausardia… Ustez desiatzen haien irrati egikera patxadatsua. Baina, Mariano Ferreren El quiosco de la Rosi irratsaioa, kapaz izango ginateke entzuteko goizero, gaur egun? Kontuan hartuta gertakizunak kontatzeko eta analizatzeko esatariak zeukan estilo eta erritmoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.