Mirari Martiarena Iraola.
PLAY ETA ENTZUN

Heriotza

2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Podcascast proposamenak eskatu ditut nire inguruan, nire irizpideez haratago besteen erreprodukzio zerrendetan zer dabilen jakin nahian. Bost lagunetik bostek esan didate EITBPodkast-eko Barruan gaude entzun behar dudala. Tartean behin entzun izan ditut Oier Aranzabalek egindako podcastak, eta ez zitzaidan saio arrotza.

Elkarrizketa podcast bat da Barruan gaude; bereziki gustuko ditut formatu honetan egiten diren saioak. Protagonista baten etxera sartzen da Aranzabal astero, eta saioa etxean sartu aurretik hasten da. Nora doan azalduko digu kazetari zarauztarrak, txirrinaren soinua entzungo dugu, atea nola zabaltzen duen elkarrizketatuak eta, ondoren, solasaldi goxo bezain intimoa.

Arantxa Iturberi egindako elkarrizketan Oierrek berak zioen ez zuela galderarik prestatuta eramaten, elkarrizketa naturalagoa izan zedin. Iturbek estudiora dena ongi idatzita eta prestatuta eramaten zuela kontatu zion. Baina Barruan gaude entzuten ari zarela, nabaritzen da galderarik paperean ez eraman arren, ongi ezagutzen duela noren etxera doan, badakiela zer gai landu nahi dituen eta nondik nora gidatuko duen solasaldia.

Nahiz eta elkarrizketatu gehiago izan azken asteetan, Iñaki Peña mediku paliatibistari egindako elkarrizketa nabarmendu nahiko nuke. Askotan beste aldera begiratzen diogun gai bati buruz aritu dira; heriotzaz. Esan beharrik ez dago gai tabua dela, baina aitor dezagun: gure bizitzako momenturen batean zeharkatuko gaitu. Izan ingurukoenak edo, noizbait, geure heriotzak berak. Garrantzitsua da horrelako elkarrizketak egitea, bizitza erdigunean jartzen dugun modu berean heriotza ere hor dagoela esatea. Horregatik eskertu dut bereziki elkarrizketa.

Heriotzak zeharkatzen gaitu, pertsona batzuenak besteenak baino gehiago, haiek ezagutu ala ez. Oraindik gogoratzen dut zenbat negar egin nuen duela 21 urte, Felix Iñurrategi hil zenean. Horregatik, asko hunkitu naiz EITBPodkast-en 1997an Felix Iñurrategiri egindako elkarrizketa entzundakoan. Goizean behin saioko Larrugorritan tartean erantzun zituen mendizale aretxabaletarrak Maite Iturbe, Nekane Peñagarikano eta Tere Belokiren galderak. Elkarrizketa bizia egin zioten, eta polita da Felix Iñurrategi «guk»-a entzutea. Eta konturatu naiz ondoan falta ditudanen ahotsak denborarekin ahaztu egin zaizkidala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.