Lide Arana.
ARGI ALDIAN

Hemoglobinaren definizioa, zaharkitua?

2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Proteina ezaguna da hemoglobina, eta funtzioa ere aski ezaguna du. Urte luzez, burdina duen odoleko zelula gorrietako proteina gisa definitua izan da, oxigenoa ehunetara garraiatzeaz arduratzen dena. Dena den, ikerketa berri batek odoletik kanpo hemoglobina identifikatu du eta bertan betetzen duen funtzioa frogatu du, orain arteko definizioarekin bat ez datorrena.

Hemoglobinak oxigenoa garraiatzeko duen gaitasuna duela 150 urte inguru frogatu zuen Claude Bernard-ek. Ondoren, 1904an, Christian Bohr-ek bere izena daraman efektua deskribatu zuen hemoglobinak oxigenoarekin batzeko duen gaitasunaren aldaketak azaltzeko. Izan ere, biriketako baldintzetan, odoleko hemoglobina afinitate handiz batzen zaio oxigenoari; baina biriketatik urrun dauden ehunetan, karbono dioxido kontzentrazioa handia denez, hemoglobinaren oxigenoarekiko afinitatea murriztu egiten da, eta oxigenoa askatu eta karbono dioxidoari lotzen zaio. Bitxikeria bat dirudien efektu horri esker, gai gara arnasten dugun oxigenoa odolaren bidez gorputzeko ehun guztietara garraiatzeko eta ehunetan pilatzen doan karbono dioxidoa atzera, arnasketa bidez, kanporatzeko. Hemoglobinarik gabe, oxigenoa eta karbono dioxidoa ez dira uretan (odolean) ondo disolbatzen, eta ez genuke lortuko behar adina oxigeno eta karbono dioxido garraiatzerik.

Hemoglobina eta mioglobina (muskuluetan oxigenoa metatzeaz arduratzen den proteina) dira ondoen ezagutzen diren eta gehien ikertu diren proteinak. Horiek izan ziren proteina baten lehen 3Dko egitura zehazteko eredu gisa aukeratu ziren molekulak. Gauzak horrela, hemoglobinaren funtzioa eta egitura beste proteina askoren funtzionamendua azaltzeko eredu gisa erabili izan da. Dena den, proteina horren funtzioa beti erlazionatu izan da odolarekin eta, zehatzago esanda, odoleko zelula gorriekin.

Azken urteotan, ordea, hainbat ikerketak frogatu dute hemoglobina, odoleko zelula gorrietatik at, beste zelula mota batzuetan ere topa daitekeela; baina funtzio biologikorik egozteko gai izan ez direnez, aurkikuntza horien garrantzia ez da ondo ulertu izan. Duela bi aste Nature aldizkarian argitaraturiko lan batean kartilagoko zelula espezializatuetan, kondrozitoetan, hemoglobinak betetzen duen funtzioa modu zehatzean azaldu dute. Ikerketa horren arabera, hemoglobina ezinbestekoa da zelula horien hazkuntzarako, izan ere, kartilagoan ez dago odol kapilarerik eta, ondorioz, oxigenoaren garraioa oso murritza da. Horrela, kondrozitoetako hemoglobinak oxigeno erreserba funtzioa beteko luke, zelula horien biziraupena bermatuz hazten ari den kartilago ehunetan. Ikusi dutenez, hemoglobina kenduz gero, kondrozitoen heriotza gertatzen da eta, ondorioz, kartilagoaren eta hezurduraren garapena atzeratu egiten da. Ikerlarien esanetan, aurkikuntza horrek beste hainbat prozesu azaltzeko balio lezake, hala nola denbora luzez anemia pairatzen duten pertsonek izaten dituzten kartilagoko arazoak, artritis erreumatoidea kasurako. Dirudienez, artritis erreumatoidea duten pertsonen artean anemia dutenek azaltzen dituzte artikulazioetako arazo handienak, eta anemiaren tratamendu egokiak artikulazioetako arazoak hobetzeko ere balio izaten du.

Ikerketa horrek, beraz, hain ezaguna dugun proteinaren funtzioa eta kokapena uste genuena baino zabalagoa izan daitekela erakutsi digu, eta orain arteko definizioak berrikuspena behar duela iradoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.