Maratila
Hegoa (I)
Theo Van Goghek 1888ko otsailean Willemien arrebari anuntziatzen dio Vincent Parisetik Frantziako Hegoaldera joana dela. Lehenik, Arlesera «lekuaren ezagutzeko» eta segur aski gero handik Marseillesera buruz segituko duela. Theok gutunean argitzen dio «eskola berriko pintoreek egin ahalak egiten dituztela eguzkia beren margoetan kokatzeko», badakiela Vincentek ez duela hotza jasaten eta zinez eguraldi «grisak» egin dituela Parise aldean, eta ez dela lagungarri izan pinturarako. Egia erran, badakigu Vincent Van Gogh ez dela 1888ko otsailaren 19an Parisetik Frantziako hegoaldera partitu. Baizik eta «Japonia»-ra. Bere baitako Japoniara. Estanpa japoniarretan atxeman duen lurralde argietara. Barneko geografia kanpokoa baino errealagoa delakotz. Vincenten Japonia Eguerdian delakotz: eguzkia den lekuan. Zinezko Japonia hori Arlesen du aurkitzen. Arles inguruetako uren «berde esmeralda» eta «blu aberatsa» laudatzen ditu : japoniar estanpetan ikusiak baititu jada. Eta eguzki-sartzeen «laranja argiak» liluraturik ditu deskribatzen, eta nola hori gertatzen delarik alorrek iduri duten azultzen direla [ez dezagun idatz «urdintzen», aditzari Van Goghen eguzkia atxiki nahi badiogu]. Martxoaren 16an, Van Goghek anaiari: «Anaia maitea —badakik, Japonian nauk sendi—. Horretan gelditzen nauk, eta konturatzen nauk ez dudala oraindik ezer ikusi bere eguneroko ospean». Eta Willemien arrebari Arlesetik, 1888ko irailean: « …zeren beti uste dinat hemen Japonian naizela. Ondorioz, begien irekitzea aski, eta pintatzea ene aurrean zuzen...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu