Irati Diez
Biologoa

Hazirik gabeko fruitu birjinak

2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Landareen haziak enbrioiak dira, eta fruituak, berriz, obulutegiak. Enbrioi edo hazi horiek baldintza egokien pean daudenean, hozitu egingo dira, eta beste landare batzuk sortuko dira, ondorengoak. Zer gertatzen da orduan hazirik gabeko fruituekin? Nola ugaltzen dira horiek? Eta agian horren aurretik egin beharko litzatekeen oinarrizko galdera bat: nola existitzen dira hazirik gabeko fruituak?

Bada, hazirik gabeko fruituak dituzten landareak naturan aurki daitezke. Gehienetan, akats genetikoren bat izaten dute, hazia sortzea ekiditen duena. Eta izatez, hazirik gabeko lehen fruituak hala sortu ziren. Ordea, trabarik gabeko fruitu horiek bereziki gustatu zitzaizkigun gizakioi, noski, jateko erosoagoak eta atseginagoak zaizkigulako. Denok erabili izan ditugu hazirik gabeko zitrikoak, eta baita mahatsak ere, Urteberri egunean batzuek hainbeste eskertzen dituzten horiek. Baina ez dakigu nolakoak diren pepinoen, kakien, ananen edo bananen haziak ere, eta noski, barietate basatiek badituzte.

Esan bezala, fruituak obulutegiak dira, eta haien helburua da ziurtatzea barruan daramaten enbrioia landare bihurtzen dela. Hori ziurtatzeko modu bat obulutegia fruitu zukutsu eta gozo batean bihurtzea da, animaliek jan dezaten eta haziak gorotzen bidez zabal daitezen. Obulutegia fruitu erakargarri batean eraldatzeko, beraz, obulutegi barneko obulua(k) ernaldu behar d(ir)a, eta hazi edo enbrioi bat sortu behar da. Ez baitu zentzurik fruitu goxo bat sortzen energia xahutzeak barnean hazirik ez badu. Nolatan aurki ditzakegu orduan hazirik gabeko fruituak?

Prozesu guztietan bezala, noizbehinka akatsak gertatzen direlako. Gerta liteke, obulutegia fruitu bihurtzea aurrez ernalketatik (hau da, polinizaziorik) izan gabe. Prozesu horri partenokarpia deitzen zaio, eta grezieraz «fruitu birjina» esan nahi du. Bestetik, animalietan bezala, landareetan ere abortua gertatu daiteke. Hau da, lorea polinizatzen da, obulua ernaltzen da eta obulutegia fruitu bihurtzen da, baina momentu jakin batean, enbrioiak abortatu egiten du, eta ez da hazirik garatzen.

Honaino gizakiaren esku hartzerik gabe gertatu daitekeena. Baina esan bezala, fruitu batzuk bereziki atseginak zaizkigu hazirik gabe, eta lortu dugu landareetan prozesu akastun horiek gertatzea, berariaz. Partenokarpia induzituaren adibide ederra dira bananak. Merkaturatzen diren banana gehienak landare triploideetatik datoz, hau da, hiru kopia dituzte kromosoma bakoitzeko. Kondizio horrek zuzenean antzutu egiten ditu bananondoak, ez baitira polen-hazi edo obulu bideragarriak sortzeko gai, eta beraz, ezta haziak sortzeko gai ere. Ezin direnez sexualki ugaldu, adar-aldaxkak birlandatuz lortzen dira bananondo gehiago, eta hauek, noski, klonak dira beren artean. Gaurtik aurrera banana bat jaten duzunean, erreparatu erdialdean dituen puntutxo beltzei: hazi abortatuak dira.

Aipatu behar da, alabaina, hazirik gabeko fruituak ez datozela ingeniaritza genetikoko teknika berritzaileetatik: aspaldiko kontuez ari gara. Ezagutzen den lehen hazirik gabeko fruitua mahatsa da. Hipokrates eta Platon filosofo grekoek haiekin egindako mahaspasak jaten zituzten K.a. IV. mendean, eta Antzinako Egipton ere kontsumitzen ziren halako mahatsak, duela 5.000 urte. Landare antzu horiek hainbeste urtean biziraun izana, beraz, gizakiok eragindako paradoxa biologiko bat da, egiari zor, haziak batzuetan higuingarriak baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.