Eider Carton.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Hautespen naturala bizirik

2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gizaki modernoak hautespen naturalaren mende segitzen du? Ala ihes egin dio, kulturaren eta teknologiaren bidez? Galdera errepikakorra da, eta, noizbehinka, gaurkotasuna hartzen du, hipotesi baten edo bestearen aldeko frogaren bat agertzen denean. Hala gertatu da hil honen hasieran, PNAS aldizkarian argitaratutako lan baten ondorioz. Lan horretan, Finlandian 1760 eta 1849 urteen artean jaiotako 5.923 pertsonaren bizialdiak aztertu dituzte, ikusteko ea gizatalde haien bilakaerak bat egiten duen hautespen naturalaren mendeko populazioen ezaugarriekin. Eta erantzun azkarra baiezkoa da.

Zehazki, hautespen naturalaren eta sexualaren galbahe nagusiak gurutzatu dituzte erregistroetan bildutako datuekin: adin ugalkorrera arte bizirautea, ugalkidea lortzea, ugaltze-arrakasta eta ugalkortasuna (ugalkideko ondorengo-kopurua). Zerga-kontuak zirela eta, Finlandiako orduko elizak zehatz-mehatz jasotzen zituen jaiotza, heriotza eta ezkontza denak, eta ikertzaileek genealogiaren jarraipen osoa egin ahal izan dute. Populazio monogamoak izaki —hala ez jokatzea gogor zigortzen zutenak, gainera— ezkontzak hartu ahal izan dituzte ikertzaileek ugalkidea lortzearen adierazletzat.

Gurutzaketaren emaitzek erakusten dute lau parametroetan neurtutako aldakortasunak bat egiten duela hautespen naturala bizi duten populazioek izan ohi dutenarekin. Eta populazio monogamoak izanda ere, hautespen sexualaren teoriaren iragarpenak betetzen zirela: hautespen gogorrena bizi zuen sexuak (kasu honetan, gizonek) aldakortasun handiagoa zuen ugalkidea lortzeko arrakastan eta ugaltze-arrakastan; eta lotura sendoagoa aurreko bi parametroen artean.

Ikertzaileen esanean, nekazaritzatik eta arrantzatik bizi ziren populazio monogamoetan halako emaitzak neurtzeak adierazten du okerra dela uste izatea hautespen naturalaren eragina ezabatu genuela aspaldi. «Segidako monogamiak eta nekazaritzak hautespen-aukerak mugatuko zituzten, baina azterketak agerian uzten du baduela jarduteko aski toki oraindik», adierazi dute.

Hain zuzen, nekazaritza hartu izan da gizakiak hautespen naturalari emandako lehen kolpetzat. Naturak ematen zuena ehizatu eta biltzetik jatekoa erein eta hazi ahal zuen gizarte-sistemetara iragaiteak hankaz gora bota zuen ordura arteko oreka ekologikoa. Kolperik sendoena eta behin-betikoa, berriz, industria iraultzaz geroztiko garapen teknologikoa eta medikoa izan dira. Hipotesi horren arabera, teknologiaren, medikuntzaren eta kulturaren moldatzeko ahalmenak esanahirik gabe utzi du naturaren legeei atxikirik sortu zen egokienaren biziraupen diferentzialak gidatutako hautespen-sistema.

Adibiderako. Demagun ikusmen ona izateak eragina duela gure biziraupenean eta ugaltze-arrakastan; betaurrekorik eta laser bidezko ebakuntzarik gabe, ikusmen txarraren eragile genetikoek gizakien gene-multzotik desagertzeko joera izango lukete. Teknologiak, baina, ekuaziotik kentzen du gene horiek ezabatzeko hautespen-presioa, eta, ondorioz, desagertu egiten dira ikusmen oneko banakoen abantaila eta hautespen naturalaren lehengaia.

Adibide oso sinple hori kulturak eta teknologiak inguratutako bizimoduaren alderdi konplexu denetara hedatuz gero, ia-ia saihestezina dirudi hautespen naturalaren mende ez gaudela ondorioztatzeak. Gainera, hautespen naturala indartsuenaren legearen baliokidetzat eman izanak, batetik, eta hautespen naturalaren legeez egin diren interpretazio sozial makurrek, bestetik, desiragarri ere egiten dute askoren begietan.

Ikusmenaren metaforaren mendebaldarkeriaz landa, ezabaketaren kritikariek ez dute uste bizitza modernoak hautespen-presio klasikoak desagerrarazi dituenik. Leunago, baina hor segitzen dutela diote, eta, gainera, nabarmentzen dute bizitza modernoak artean neurgarriak ez diren beste batzuk ere sortuko zituela ingurumenean eragindako aldaketen bidez, obesitateak ugalkortasunean izan dezakeen eraginaren bidez... Kontua da galderaren zilborrean egoteak zaildu egiten duela erantzuna aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.