Lide Arana.
EHUko Kimika aplikatuko irakaslea

Haurdunaldiak zahartzen gaitu

2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Zahartzea funtzioen galera eta kalteen metaketa eragiten duen prozesu itzulezin moduan ulertzen dugu. Maila molekularrean zelulen zahartze maila nolakoa den aztertu daiteke adin biologikoa delakoa estimatzeko eta horretan oinarrituta, ikerketa berri batek dio haurdunaldiak gorputza bi urte zahartzen duen arren erdiondoak atzera gaztetzen duela.

Adin biologikoa eta adin kronologikoa ez dira gauza bera. Lehenengoak maila molekularrean gure bizi-funtzioak nola dauden adierazten du eta bigarrenak jaio ginen egunetik iragandako denbora. Ikusi denez, estresak edo bestelako faktoreek adin biologikoaren aurrerakada eragin dezakete pertsona baten ehun edo zelulak kronologiagatik dagokiona baino zaharragoak bihurtzeraino. Horrela, zahartze azkartu horrek gaixotasunak izateko probabilitatea handitzen omen du. Aurkako egoera ere posible da, hau da, pertsona baten adin biologikoa bere adin kronologikoaren azpitik egotea. Azkenik, adin kronologikoa beti noranzko berean doan arren, azken ikerketek iradokitzen dutenez, adin biologikoa itzulgarria izan daiteke.

Pertsona baten adin biologikoa zehazteko hainbat adierazle topatu dira baina gehienek DNA molekulen egonkortasunarekin zerikusia dute. Horietariko bat DNAren konposizio kimikoan zenbat metilo talde dauden kuantifikatzea da, hau da, DNAren metilazio maila zehaztea. Ikerketa askotan frogatu denez, DNAren metilazioa handituz doa zahartzen goazen heinean eta metilazio mailak adin kronologikoa zehaztasun handiz aurresateko balio dezakeenez, adin biologikoa metilazio mailarekin determinatzen da, besteak beste.

Jakina da haurdunaldian emakumeen gorputza muturreraino estresatzen dela, enbrioiaren garapena bideratzeaz gain, gorputza erditze eta erdiondorako prestatzeko. Haurdun dauden emakumeen adin biologikoan oinarrituta, hainbat azterketa egin dira estres horrek sor dezakeen zahartze prozesua aztertzeko. Saguetan, tximuetan nahiz gizakietan haurdunaldiak gorputzaren zahartzea dakarrela ikusi da, adin biologikoaren handitzea umetokitik haratagoko organoetan ere (azalean, esaterako) nozituz. Aurretik argitaratutako beste ikerketekin bat eginez, martxo amaieran Cell Metabolism aldizkarian argitaraturiko ikerketa batek dio haurdunaldian emakume baten adin biologikoa 2 urtez aurreratzen dela. Haatik, erditu eta hiru hilabetera prozesu hau alderantzikatu egiten dela ere ikusi dute, eta haurdunaldian zahartutako urteak erdiondoan gaztetu daitezkeela ondorioztatu dute. Lortutako emaitzek diotenez, erdiondoak adin biologikoan duen eragina ez da berdina emakume guztiengan: bularra ematen duten emakumeek gaztetze nabarmenagoa jasaten dute eta gehiegizko pisua duten emakumeengan, berriz, apalagoa. Ikertzaileek oraindik ez dakite gaztetze hori denboraren joanarekin mantentzen ote den eta azterketa gehiagoren beharra azpimarratzen dute.

Scientific Reports aldizkarian 2020an argitaratutako beste ikerketa interesgarri batean, emakume baten erditze kopuruak menopausia osteko adin biologikoan duen eragina aztertu zuten. Ondorioztatu zutenez, 3-4 erditze izandako emakumeek menopausia ostean adin biologiko txikiagoa zuten gainerako emakumeekin alderatuta, menopausiaren aurrean nolabaiteko babesa balute bezala.

Haurdunaldiak sortzen dituen adin biologikoaren joan-etorrian eragiten duten faktoreak ulertzeak emakumeen osasuna eta zahartze prozesua hobetzen lagunduko luke, noski. Baina horretaz haratago, jakintza horrekin zahartze prozesua bera eta adin biologikoaren alderantzikatzea ere hobeto ulertuko genituzke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.