Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Hasier Etxeberriarekin berbetan

2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Zeukan izenik gogora ekarri ere nahi ez dudan hiri batean izan zen, Euskal Herritik landa, gaur egun bi. Hitzaldia zuen idazleak, hitzaldia telebista aurkezleak, kazetariak, dokumental egileak, blogariak. Hitzaldia zuela, alegia, Hasier Etxeberriak. Eta hantxe joan ginen gu, itsumutil, esateko baino entzuteko gehiago geneukala. Gurean euskal telebista publikoaz inork ezer esatekorik badauka —engranajeaz, historiaz, asmoez— inor horietako bat Etxeberria delako. Kuriosoa, gutxi aritu ginen literaturaz; ia esklusiboki telebistaz jardun genuen. Agian hitzaldia ere horren jirabueltan zelako; agian, euskal literaturaren aldean, euskal telebista publikoaren oraina eta geroa puskaz kezkagarriagoak direlako.

Eta gauza interesgarriak esan zituen Etxeberriak hitzaldian: nola egiten den literaturari buruzko saio bat euskaraz, nola iraun duen hamahiru urtean, nola batzuetan lagungarri diren irudimena, malezia, zolitasuna. Argigarria izan zen ikustea, adibidez, nola gobernatu zuten Paul Austerren bestondoa, nola salbatu zuten Claude Lanzmannen zakur aldartea.

Baina gauza interesgarriagoak esan zituen hitzalditik kanpo. Noski, asko ez dira hona ekartzeko modukoak, horietako batzuk hobe geuretzat gordetzea —beste batzuk ahaztea ere ez legoke gaizki—. Eta egun batek askorako ematen du —taxia, bazkaria, hitzaldia, trena, garagardoa, mahai ingurua, afaria, koktela—. Baina inpresio batekin geratu nintzen besteren gainetik, eguna bukatu zenerako.

Esperantza tarte batean galdua nuen ETBrekin. Egia da orain impasse moduko batean direla, ez aurrera ez atzera, datorren urteko hauteskundeak noiz iritsiko, zer gertatuko, zer aldaketa ekarriko duten zain —aldaketak ekarriko dituela garbi baitago—. Baina zabaldu egin da ETB honek funtzionatzen ez duen sentsazioa. Hasier Etxeberriarekin berbetan aritu ondoren, ordea, ikusi nuen badela etxea maite duen jendea, etxeko langiletzat daukana bere burua, eta jende horrek tira egiten badio, bada, agian ez dagoela den-dena galdua. Aterako dela agian ETB aurrera. Ez agian orain ezagutzen dizkiogun ezaugarriekin, bai agian neurri arrazoizkoago batera ekarrita; ez agian audientziak eta share-ak eta numeroak pilatzearekin obsesionatuta, bai agian bueltatuz hasieretako asmoetara. Gaurtik hasi edo 2013rako uztea, hahor galdera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.