Mikel Zumeta.
HERTZAK

Handia egia

2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Bero egiten du, etxeko pertsiana guztiak jaitsi ditut ia beheraino, leihoak ere kasik dira itxiak. Airea zirrikituetatik magia edo termodinamika kontu miragarriengatik korrontea sortuko duelakoaren usteaz utzi ditut horrela. Korronteak etxea freskatuko duelakoan, akaso zorte pixka batekin portaleko baldintza klimatologikoak etxean birsortzeko saiakeran. Alferrik da, baina. Izerdia dario neure gorputzari, poroetatik azaleratu, goitik behera isuri, etzanda, sofan, xukadera erraldoi baten gainean banengo bezala, izerdia jasoko duen ehunez bildutako edukiontzian.

Toalla hartu, motxila, ura, autoko giltzak, eguzkitako krema, mahatsak, intxaurrak. A-8a hartu dut, 120 km orduko, ordainleku bat, bi, Hendaia alde batera utzi, hiru. Hondartza urrunera joan naiz, luze eta amaiezinak diruditen horietako batera. Beroa hondarretik aireratzen nabari da, paisaiari mugimendua emanez, itsasoko olatuez gain, hondartza ere kulunkari irudikatuz. Trasteak atondu ditut, etzan, aurikularrak jantzi. EITB Podkastek eskainitako audio liburua piztu dut, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia. Begiak itxi.

Gorputz bat ikusi dut ilunpetan heze eta ia ilerik gabea, biluzik. Museo batean jardun. Ginekologoarekin hitzordua izan dut. Ama izan naiz, bikote, seme-alaba. Ume bat balkoian zelatan, hondartzan entzun ditut Nirvana eta Hertzainak. Toki hauetako askotan egonda nago, batzuetan mundu paralelo batean, nirearen oso antzekoa den batean. Oraingoan turista moduan, Eiderren hitzek gidatuta. Hondartza behin, hondartza bitan, hondartza hirutan. Erruz jotzen du eguzkiak, eta norbaitek Eiderren hitzak belarrira irakurtzea apartekoa otu zait. Eguzkitako betaurrekoak eramanda ere, liburuaren orrietan olgatuz gero, islatzen den argiak korneak zulatzeko adina indarra baitauka.

Begirada altxatu dut, alboan Eider ikusten dut, ñabardura guztiak lotu nahian. Harekin nabil hizketan, hondartzan dagoen jende honen nondik norakoak nolakoak izango ote diren galdezka. Nik neure teoriak ditut, hark bereak. Bitartean egunak aurrera egingo du, sei ipuin, sei istorio izango dira Susak argitaratutako liburuan azalduko direnak. Egunerokotasun apetatsuan, begirada ikusberaz idatzitakoak. Bertan hainbeste gordetzen da, hain da txikia egunerokotasuna, guztia hortxe kabitzen dela, horregatik da handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.