Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Hamaika bide ondorengoak izateko

2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Animalion erreinuan, askotariko ugalketa mekanismoak daude. Ornogabe txiki batzuk, inurriak eta erleak kasu, partenogenesi bidez ugaltzen dira. Ernaldu gabeko obuluak ekoizten dituzte, eta horien segmentaziotik gurasoaren material genetiko bera duten enbrioi osoak eratzen dira. Ginogenesia, berriz, anfibioen eta arrainen munduan oso hedatua dagoen partenogenesi mota bat da. Kasu horretan ere, enbrioia ernaldu gabeko obulutik sortzen da; baina, ezinbestean, espermak, inolako ekarpen genetikorik egiten ez duenak, obulua aktibatu egin behar du. Bitxia da, ginogenesi bidez ugaltzen diren espezieak soilik emez osatuta baitaude, eta, ondorioz, emeek gertuko espezie bateko arrekin elkartu behar dute obuluak aktibatzeko. Gaur-gaurkoz, ulertezina da ginogenesia existitzea eboluzioaren ikuspuntutik. Izan ere, ugalketa sexualaren eta asexualaren desabantailak ditu: batetik, ugaltzeko ar baten presentzia ezinbestekoa da; eta bestetik, indibiduo ezberdinen material genetikoak ez direnez konbinatzen, egokitzapen ahalmena galtzen da.

Kontrakorik ere gertatzen da. Makila intsektuek eta hainbat inurri eta txirla espeziek aita-ren nukleoko geneetatik abiatuta sortzen dituzte ondorengoak. Kasu batzuetan, emeak nukleorik gabeko obulua ekoizten du, eta besteetan, ama-ren nukleoko material genetikoa deuseztatu egiten da ernalketaren hasierako urratsetan. Ondorioz, enbrioia aitaren genomarekin bakarrik garatzen da. Hala ere, ondorengo horiek amaren material genetiko apur bat ere izaten dute. Ugalketa sexualean ohi bezala, ondorengoak DNA gordetzen duen amaren mitokondrioa heredatzen du.

Ugalketa sexuala gauzatzeko bi osagai behar dira: emearen obulua eta arraren espermatozoidea. Espeziearen arabera bi zelula horiek emearen ugalketa organoaren barruan edo kanpoan elkartzen dira, bien material genetikoak nahastu, eta genetikoki bakarra den enbrioia sortzen da. Hortaz, arestian aipatutako ugalketa motetan ez bezala, ugalketa sexual bidez eratzen den enbrioiak aita eta ama bana ditu. Hori da naturan gertatzen dena, baina beste behin ere, zientzialariek naturaren legeak desafiatu dituzte.

Berriki, sexualki ugaltzen diren saguetan soilik ama edo soilik aita duten enbrioiak garatu dituzte. 2018an, zientzialari txinatarren talde batek, bi emeren ama zelulak erabiliz eta gene batzuk editatuz, ugalkorrak ziren sagu kumeak sortu zituzten. Teknika bera erabiliz bi aitarengandik jaio ziren saguek, aldiz, bi egun baino ez zuten biziraun.

Baina duela hilabete eskas Londresen egindako Giza Genomaren Edizioari buruzko Nazioarteko III. biltzarrean bi aita biologiko dituen sagu ugalkor eta osasuntsua aurkeztu dute: sagu ar heldu baten zelulak birprogramatu dituzte obulu bilakatzeko, eta obulu horiek beste ar baten espermatozoideekin ernaldu dituzte. Azkenik, bi arren material genetikoa daukaten enbrioiak sagu emeen umetokian txertatu dituzte, eta kume osasuntsuak jaio dira.

Saguekin lortutakoa gizakiekin ere lortuz gero, gizartean gero eta ugariagoak diren antzutasun arazoei aurre egiteko ate berri bat irekiko litzateke. Gainera, bikote homosexual eta transgeneroek ere, obulu emaile baten beharrik gabe, umeak izateko aukera izango lukete. Halere, kasu hauetan ohikoa denez, eta zientziarentzat mugarri den lorpen horren atzean dauden zientzialariek azpimarratu duten bezala, gizakiak eta saguak oso ezberdinak gara. Eta, horren gainetik, arazo etikoak daude. Zenbateraino da zilegi bizitzaren sorrera nahieran manipulatzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.