Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Gure gene neandertalak

2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
DNA sekuentziatzeko teknologia garatu zenetik, milaka espezieren genomak deszifratu dira. Ez soilik gure artean dauden bizidunenak, baita duela milaka urte desagertutako espezieenak ere. Zehazki, antzinako DNA aztertzeaz arduratzen den zientziaren adarra paleogenomika da, eta azken urteotan alor horretan egindako aurkikuntzek gizakion jatorriari buruzko sinesmen asko hankaz gora jarri dituzte.

Uste da Neandertalgo gizakiaren eta homo sapiens-en arteko banaketa Afrikan gertatu zela, duela 760.000-550.000 urte inguru, eta, ordutik, leinu bakoitzak bere kabuz eboluzionatu zuela. Hala ere, DNA analisiek iradokitzen dute duela 60.000 urte inguru Afrika utzi zuen gizaki modernoaren aitzindariak garai hartan Europan bizi ziren neandertalekin gurutzatu zirela, eta ondorengo ugalkorrak izan zituztela. Izan ere, neandertalen genoma sekuentziatu zenean, ikertzaileak konturatu ziren gaur egungo populazio ez-afrikarraren genomaren % 1-4 artean neandertalengandik heredatutakoa dela.

Gure genomako aldaera neandertalek uste baino gehiago eragiten diete hainbat ezaugarriri: immunitateari, erritmo zirkadianoei, hezur-dentsitateari, menopausiaren adinari, eta biriken ahalmenari, adibidez. Gainera, gizaki modernoei ingurune hotzagoetara egokitzen lagundu dieten geneak ere neandertalengandik jasotakoak direla uste dute. Besteak beste, ilearen kolorea, larruazalaren tonua eta berau belzteko erraztasuna gene neandertalek baldintzatzen dutela behatu da.

Are gehiago, duela hilabete eskas argitaratutako lan batek frogatu du neandertal jatorriko DNAk gure sudurraren forma baldintza dezakeela. Zehazki, ATF3 genea kokatzen den genomaren eskualdean DNA neandertala daukaten banakoek sudur luzeagoa daukatela behatu dute. Gainera, adituen arabera, genomako eskualde horrek hautespen naturalaren zantzuak ditu. Horrek iradokitzen du antzinako DNAren presentziak eramaileei abantaila bat ematen diela. Sudurraren formak eta tamainak arnasten dugun airearen tenperatura eta hezetasuna erregulatzen laguntzen digunez, pentsatzekoa da sudur luzea izateak klima hotzetan bizi ziren banakoei hobeto moldatzen lagunduko ziela.

Baina jatorri neandertaleko DNAk ere badu bere alde iluna. Izan ere, egungo hainbat gaixotasun pairatzeko arriskuarekin erlazionatu da, hala nola 2 motako diabetesa, lupusa edo Crohn gaixotasuna.

Azken urteotako aurkikuntzei esker, argi dagoena da duela 40.000 urte desagertu ziren neandertalek oraindik orain zerikusi handia dutela gu gaur egun garenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.