Elikadura. Eko-tik

Gosari, bazkari eta afariarekin iraultza

2014ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Sartu gara urte berrian, jada pasatu dira Gabonak, bapo jan eta edan dugu denok, agian gehiegi, eta hurrengo urtean pare bat gauza prestatuta nahikoa dela ados jarri gara berriz. Izan ere, ohituradun izakiak gara, eta betikoa beti iruditzen zaigu apustu segurua. Nahiz betikoa azken lau hamarkadetako nobedadea den.

Gure bizitzako ia alor guztiak deskriba daitezke ohiturekin; goizean jaikitzen garenetik gauean lotara joan arte egiten duguna, zein tokitara joan eta joateko modua, egun seinalatuetan egiten diren ekintzak —adibidez, kanpaiekin mahatsak jan eta Urteberri egunean mendira joan—… Batzuek usadioak mantentzeko balio dute; beste batzuek, berriz, erabakitzeko gaitasuna gutxitzen dute. Gaur, kontsumo ohiturak aipatu nahi ditut. Zerbait ohitura bihurtzen dugunean, hori automatikoki egiteko gaitasuna garatzen dugu, eta kontzientzia edo erabakia galtzen dugu zergatik egiten dugun. Zergatik joaten gara batera eta ez bestera erosketak egitera, eta zergatik hartzen dugu bat eta ez bestea? Kontsumo ohiturarik ez edukitzea zaila da, baina ezin dugu ahaztu erostean dugun boterea. Merkatuek erosleek eskatzen dutena eskaini nahi dute, edo hala egiten dutela sinetsarazi nahi diote erosleari. Horrekin ez dut esan nahi erosten dugun elikagai bakoitzaren eraginak aztertzen hasi behar dugunik, baina noizbehinka ariketa egitera animatzen ditut erosleak, eta non eta zer erosten bukatzen duten ikustera.

Garaiak aldatuz doaz, eta gaur egun, orokorrean, eguneroko elikadurari denbora gutxiago eskaintzen zaio. Hala ere, azkenaldian «zer jaten dugu?» esaldia askotan entzun dugu, eta, elikagaien inguruko eskandalu batzuk direla medio, elikagaien jatorriak garrantzia hartu du gizartean. Eta betidanik azoken ezaugarri izan dena, baserritarra ezagutu eta aurpegia jarri, salmenta modu guztietara zabaldu da: marka handiek telebistako iragarkietan, supermerkatu handietako atal ugaritan… Hala, gure ohiturak aldatu gabe guk nahi duguna erosten dugula sinetsarazten digute.

Ez dut ukatuko bertakoa, garaian garaikoa eta ekologikoa kontsumitzeak esfortzu handiagoa eskatzen duenik. Edo ohitura aldaketa bat, bai erostean, bai prestatzean, garaian garaikora egokitu behar dugulako, eta aldaketak beti dira nekezak. Baina gero eta aukera gehiago ditugu produktu horiek lortzeko: betiko azoka, kontsumo taldeak, Internet, ekodendak… Errezetak lortzeko ingurukoei galdetu ahal diegu, eta bestela sarera jo genezake.

Produktu ekologikoak identifikatzeko zailtasunak daudela ondorioztatu du ikerketa batek. Euskal Herriko eta Europako zigilua eraman behar dute, baina zalantza badugu, galdetu dendan beldurrik gabe. Hori da nire aldetik urte berrirako helburuetarako proposamena: erostean beldurrik gabe galdetu, benetan nahi duguna erosten ari garela jakiteko, eta bertakoa eta ekologikoa erosten badugu, askoz hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.