Iraia Garcia
Zientzia. ARGI ALDIAN

Gorozkien ahalmen ezkutua

2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Egunero komunetik behera botatzen ditugun gorozkiek pentsatu baino garrantzi gehiago daukate. Science aldizkari ospetsuak argitaratu berri dituen bi ikerlanen arabera, gorozki transplanteak (bai, bai, pertsona baten kaka beste baten hestean sartzea) melanomaren immunoterapian lagun dezake. Immunoterapia minbizian erabilitako tratamendu berria da, zeinak pertsona baten sistema immunologikoa estimulatzeko eta minbizi zelulak modu eraginkorragoan ezagutzeko eta hiltzeko balio duen. Melanoma motako minbizian PD-1 ituaren kontrako immunoterapia mota erabili ohi da, baina, tamalez, pertsona batzuek terapiaren aurkako erresistentzia garatzen dute. Science-n argitaratutako ikerketetan, erresistentzia garatu zuten hainbat pazienteri, anti-PD-1 tratamenduarekin batera, terapia horrekiko erantzun ona erakutsi zuten beste pazienteen gorozkiak ere transplantatu zizkieten. Sinesgaitza dirudien arren, pazienteen ehuneko ez baztergarri batean (hamarretik hirutan ikerketa batean, eta hamabostetik seitan bestean) tumoreak txikitu edo desagertu ziren. Ikertzaileek ez dakite oraindik zein den hobekuntza horren atzean dagoen arrazoi biologiko zehatza, baina argi daukate hesteetan bizi diren mikroorganismoek rol garrantzitsua jokatzen dutela.

Hesteetako mikroorganismo komunitateari mikrobiota deritzogu, eta funtsezko zereginetan laguntzen digu, hala nola mantenugaien metabolismoan, sistema immunologikoaren garapenean eta patogenoen aurkako babesean. Gizabanakoaren hestea esterila da jaiotzean, eta jaio eta berehala gertatzen da mikroorganismoen kolonizazioa. Faktore desberdinek baldintzatzen dute mikrobio mota batzuen edo besteen garapena, adibidez, jaiotze bidea, edoskitze mota, dieta eta farmakoen erabilera. Bizpahiru urterekin, haurraren hesteetako mikrobiotak helduarenaren antza osoa du, eta euren artean orekan dauden milioika mikroorganismo espeziez osatuta dago. Hala ere, baldintza jakinen pean oreka hori apur daiteke, organismo ostalarian kalteak eraginez. Kalte horietako bat antibiotikoen erabilera okerraren ondoriozko Clostridium difficile bakterioaren infekzio errepikakorra da, beherakoa, hesteetako mina, goragalea eta kasu batzuetan heriotza ere sorraraz ditzakeena. C. difficile-ren infekzioa sendatzeko, gorozkien transplantea erabiltzen da, eta %90eko eraginkortasuna erakutsi du.

Dauzkan onurak ikusita, gorozkien transplanteak bestelako eremuetan izan ditzakeen erabilerak aztertzeko ikerketa anitz egiten ari da. Gizentasunaren esparruan, adibidez, saguekin egindako esperimentu batzuek erakutsi dute sagu lodien gorozkiak pisu normala zuten saguei pasatzean, azken horiek loditzeko joera handiagoa bereganatzen zutela. Izan ere, badirudi sagu lodien hesteetako bakterioek dietatik jasotako elikagaien energia modu eraginkorragoan erauzteko ahalmena dutela, eta hori izan daitekeela loditzeko joeraren arrazoietako bat. Aurkikuntza honek gizentasunaren tratamenduan laguntzeko aukera berriak irekitzen ditu, hala nola, hesteetako mikrobiotaren konposizioa modulatzeko dieta estrategiak ezartzea. Dena den, momentuz, hobe dugu gizentasunaren prebentziorako ezagunak ditugun dieta orekatuaren eta jarduera fisikoaren gomendioei jarraitzea. Ez diezaiegun orain gure hesteetako bakterioei leporatu Gabonetan irabazitako kilo horien erantzukizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.