Roberto Sarriugarte

Gontes, Wenceslaoren birbilobarena

2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Wenceslao Gonzalez 1893an iritsi zen Bastidara (Araba), eta upelgile moduan hasi zen lanean; oso lanbide preziatua zen Haron (Espainia), bertoko upategi handien beharrak asetzeko.

Baina ez zen soilik upelak egitearekin konforme geratu, eta mahastiak erosi zituen. Beste zenbait mahastizainekin ardoa egiten hasi zen 1905ean, La Unión deituriko nekazari talde batekin batera, baina ez zen oso emankorra izan elkartze hori.

1922an upategi bat erosi zuen. Tinoetan (upel handiak) ardoa egiten hasi zen, eta ontziratu gabe saltzen. Hurrengo bi belaunaldiak ere horrela aritu ziren, Honorio, Wenceslaoren semea, eta Jesus, biloba.

2003an Wenceslaoren birbilobak, Jesus Gonzalez Tesok, ardoa botilatuta saltzen hastea erabaki zuen, eta, horretarako, noski, kalitatearen aldeko apustua egin zuen; nortasun handiko ardo desberdinak egiteari ekin zion, gogotsu. Gontes izena jarri zien upategiari eta ardoei. Gonzalez eta Teso abizenen hasierak lotu zituen.

Gaur egun, familiaren upategian egiten ditu ardoak. Upategi hori oso bitxia eta ederra da, eta XIII. eta XIV. mendeetako lurpeko eraikin handia du. Teknologia aldetik oso ondo hornituta dago. Bastidako antzinako judutegian dago kokatuta, eta lurpeko zortzi tunel ditu upategiak; horietatik bi XIV. mendekoak dira, eta beste guztiak, XIII. mendekoak.

Errekonkista garaian, inguruko biztanleek tunel horiek erabiltzen zituzten, ezkutatzeko eta inguruan dagoen Kristo Santuaren elizara babes bila joateko. Tunel horietan beti egin izan omen da ardoa.

1899an filoxera izurria heldu zen Iberiar penintsulara, baina Frantziatik Iberiar penintsulara heldu arte 36 urte igaro ziren, eta urte haiek urrezko aroa osatu zuten. Besteak beste, Errioxako Araban kontuan hartu behar da artean Europako ardo ekoizle ia bakarrak zirela.

Mahastiei dagokienez, hamabost hektareatan lantzen dute mahatsa. Tempranilloa da nagusi, baina garnatxa, graciano eta viurari tokitxoa egin diote.

Mahasti horietatik %35 mahasti zaharrak dira, eta batez besteko ekoizpena hektareako 6.500 kilokoa da.

Bost ardo desberdin egiten dituzte: Gontés Joven, Gontes Crianza, Gontes Semicrianza, Gontes Expresion eta Olmo-34. Gontes Semicrianza da tempranilloz soilik eginiko ardo bakarra; beste guztiak tempranilloa, garnatxa eta graciano mahatsak nahastuta eginak dira, baina tempranilloa nagusitzen da betiere.

Gontes Expresion da bikainena, nire ustez. 50-95 urte bitarteko mahastietako mahatsa erabiltzen da ardo hori egiteko, eta mahastietako goialdekoa, gainera, inguru horiek, oro har, lur elkorragoak izaten direlako. Gero, mahastian bertan ere egiten dute azken hautaketa, egokiak ez diren mahats-mordoak lurrean geratzen baitira.

Fruta ugaridun ardoa da, tanino belusatuak dituena, orekatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.