Urtero legez, martxoko azken igandearen goizaldean udaberriko ordu aldaketa izango dugu, eta berriro ere aldeko zein kontrako argudio berdinak entzungo ditugu. Nolanahi ere, batzuk erraz moldatuko dira ordutegi berrira; besteok, aldiz, egunak beharko ditugu gure barruko iratzargailua ordubete atzeratzeko. Izan ere, giza erloju biologikoa eboluzioaren mende egon den ezaugarri konplexua da, ingurumenari egokien moldatutako ezaugarri genetikoen hautespenaren emaitza.
Duela 70.000 urte inguru, gizaki modernoaren arbasoek haien jatorrizko Afrikako eremu ekuatorial egonkorra utzi eta Eurasiarako bidaia hasi zuten. Latitude altuagoetara heltzean, urtaroko aldaketa nabarmenagoak topatu zituzten, egun-argiaren iraupenean eta tenperaturan, batez ere. Ordurako, baina, neandertalek eta denisovarrek 400.000 urte baino gehiago zeramatzaten latitude altu haietan bizitzen, eta baldintza aldakorrei aurre egiteko aldaera genetikoak metatzen, urtaroetako argi-maila desberdinetara azkar egokitzen zen erloju biologikoa kasu.
Azken ikerketen arabera, neandertalek garatutako erloju moldagarria herentzian jaso dute gizaki moderno batzuek, eta erritmo zirkadiano malguagoa duten pertsona horiek goiztiarrak izateko joera ere badute; hori guztia neandertalengandik jasotako aldaera genetikoei esker, hain zuzen.
Batez beste, espezie bien arteko mestizajearen ondorioz, jatorri neandertala dute gaur egungo gizaki eurasiarren genomaren ehuneko bi inguruk, baina proportzioak eta geneak aldatu egiten dira pertsonen arabera. Izan ere, eboluzioan zehar, onurarik ekartzen ez duen ondare genetiko zaharraren zatikiak ezabatuz joan da hautespen naturala. Ingurumen baldintza zehatzetara egokitzeko abantaila dakarten hominido arkaikoen aldaera genetikoak, aldiz, kontserbatu egin dira, hala nola patogeno berriekiko erresistentzia, larruazalaren pigmentazioa edo altitude handietara egokitzeko hemoglobina-maila altua.
Orain hilabete gutxi, argiak eta tenperaturak erloju zirkadianoan duten eraginarekin lotura duten hainbat aldaera genetikok ere jatorri neandertala dutela ikusi zuten UCSFko ikertzaileek. Ondoren, gene horien eta lo ohituren arteko harremanak frogatzeko egindako ikerketan, ondare neandertal horren presentziak goiz jaikitzeko joera eragiten duela ondorioztatu zuten.
Goiztiarra izatea erloju zirkadiano laburragoarekin lotzen da, eta hori onuragarria da urtaro desberdineko latitude altuagoetan bizi direnentzat. Izan ere, goiztiarra izateak aukera ematen du loak hartzeko edo esnatzeko garaia dela adierazten duten kanpoko seinaleetara azkarrago egokitzeko, izan eguzki-argiaren urtaroko aldaketa naturala, izan udaberriko agindu administratiboa. Goiztiarra izateak azalpen genetikoa badu, berdin pentsa dezakegu lotara berandu joaten diren eta eguzki-argiari kasurik egiten ez dioten gautxoriez.