Beñat Gaztelumendi.
Donostiako Aste Nagusia. BADIATIK

«Gizon portatu»

2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Klasera joan behar nuenean esaten zidan. Edo parrandara irten aurretik. Edo bertso-saio baterako agurrari bueltaka ari nintzela. Edo aste osorako Bilbora joan behar nuenean. «Gizon portatu». Bi hitz horiek beti. Eta nik baietz esaten nion, «noski, aitona», gizon portatu hark zehazki zer esan nahi zuen ez banekien ere beti «bai, aitona». Mutikoak bezala ez portatzeko esan nahiko ote zuen? Edo umea ez izateko? «Gizon» portatzeko modu bakarra ote zegoen, edo gizonak adina modu? Eta nire kuadrillako mutilei ere esaten ote zieten halakorik etxetik ateratzerako? Eta nire inguruko neskei? Edo gizon eta andre direnei? Edo ez gizon eta ez andre ez direnei?

«Gizon portatu» hari bueltaka aritzen naiz urtero Aste Nagusian Guardetxera etortzen garenean. Sardiñerraia izan da aurten. Gizonezkorik gabeko oholtza bat, ikusezintzat dauzkagunak musika, ahotsa eta erdigunea hartuta. Eta gu, «gizon portatu» esaten zioten hau barne, ertzetik begira egon gara, urtean gutxitan bezala, gure ileorde eta makillaje eta dena delakoarekin. Saiatu gara arrazoimenak atrofiatutako gure gorputzak dantzan astintzen ere, nahiz eta kosta egiten zaigun barra ertzaren gune seguruari ihes egiten. Diskurtsoa ongi ikasia daukagulako: badakigulako —fisikaren teoria guztiek halaxe diotelako— bi gorputz ezin direla aldi berean leku berean egon, eta batek leku bat hartzeak bestea jada ez dagoela leku horretan esan nahi duela derrigor. Bestelako harreman eredu eta botere banaketa bat mundu hobe baterako oinarria dela sinesten dugulako. Akaso gure egotxoak ere ekarri gaitu hona: gu ere iraultzaren parte bagarela erakutsi nahiak. Batzuetan erakutsi behar horrek kezkatzen nau ni. Ez dagoelako gure posizioaren ukoa publikoki erakustea baino estrategia eraginkorragorik posizio horri eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.