Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Gin-tonic bat, mesedez; malariak jota nago

2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Modan dagoen edaria da gin-tonica. Taberna batzuek ginebra eta tonic karta luzeak eskaintzen dituzte. Hori gutxi balitz bezala, gero eta ohikoagoa da gin-tonica osatzen duten bi osagai nagusiez gain, bestelako osagai bitxiak aurkitzea kopa freskagarrian, hala nola kiwi zatiak, marrubiak eta gozokiak. Hala ere, azken urteotan eraberritu den gin-tonicaren jatorria aspaldikoa da, XVII. mendekoa, hain zuzen. Baina badakizu zein den gin-tonicaren jatorria? Lehen, gaur egun ez bezala, disfrutatzeko baino gehiago malariari aurreko egiteko edaten zen gin-tonica.

Izan ere, tonikak daukan kinina alkaloideak malaria eragiten duen parasitoa hiltzen du. Kininak efektu hori nola eragiten duen zehatz-mehatz ez da ezagutzen. Hala ere, hipotesi onartuenaren arabera, kinina parasitoan pilatzen da, eta, ondorioz, parasitoak ezin du bere bizi zikloa gauzatu eta hil egiten da.

Kinina kina zuhaitzaren azaletik erauzten den konposatua da. Berez, Andeetan hazten den zuhaitza da kina, eta Erdialdeko Amerikako indioek aspalditik ezagutzen zuten kininaren ahalmen sendagarria. Europarrek malaria Ameriketan sartu zuten arte, ordea, ez zen jakin kinina oso eraginkorra zela malariari aurre egiteko. Historiak kontatzen duenaren arabera, Espainiako jesuita batek kininaren berri izan zuen, eta malaria zeukan Chinchongo kondesa sendatzea lortu zuen. Ondorioz, zuhaitzaren gaitasun sendatzaileaz jabetuta, kina Europara esportatu zuten, eta Jesuitaren azala izenarekin egin zen ezagun.

Egia esateko, lehen gin-tonica armada ingelesari zor diogu. XIX. mendean, Pierre Joseph Pelletier eta Joseph Bienaime Caventou zientzialari frantsesek kinina isolatzea lortu zuten. Horri esker, kinina pilulak egin zituzten, eta malariak heriotza gehien eragiten zuen europar kolonietara bidaltzen hasi ziren. Pilulak uretan disolbatuta hartu behar ziren, baina kinina oso mikatza denez, soilik uretan disolbatuta hartzea sufrikarioa bilakatu zen askorentzat. Hori konpontze aldera, 1825. urtearen inguruan, Britainia Handiaren mende zeuden Indiako ofizialek burutapen bat izan zuten: kinina pilulak uretan disolbatu eta gero, lima-zukua, azukrea eta ginebra gehitzea. Horra hor, gaur egun hain ezaguna den gin-tonicaren lehen bertsioa.

Baina zenbat gin-tonic behar dira malaria sendatzeko? Kalkulatzen da eguneko 67 litro gin-tonic behar direla malaria eragiten duen parasitoa hiltzeko adina kinina izateko. Hortaz, imajinatzen dut nirekin bat etorriko zaretela honetan: sendabide tentagarria bada ere, ez dirudi oso bideragarria, ala?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.