Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Gernikaren garaitza

2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ez zen Gernika izan bakarrik, noski. Izan ziren Otxandio, Elorrio, Durango, Elgeta, Eibar. Izan zen Arrif aurretik. Izan dira gerora Bartzelona, Dresden, Hiroshima. Luze gabe, adibidez, Tripoli, Nazio Batuen Erakundeak berak. Baina Gernikak hartu du herri martiria izatearen zalantzazko ohore hori. Atzo bete ziren 75 urte Mola eta Francoren aliatu ziren Kondor Legioko hegazkin alemanek Gernika bonbakatu zutenetik.

Eta aurretik Durango, isildutako bonbardaketa dokumentalarekin egin bezala, arreta berezia eskainia zion ETBk sarraskiari, 2012ko apirilaren 26a Gernikako bonbardaketa oroitzeko egun bilakatuz: ETB1en Gudari baten egunerokoa, Zerutik sua dator, Gernikaren seme-alabak, Gernika bonbardaketa, Gernikatik New Yorkera Berlinen zehar, Gerra zibila Euskadin; ETB2n apalxeago, Egun on Euskadi berezi bat, Gernika eta Nagasakitik bizirik irtendako gonbidatu banarekin —tira, eta Bizkaiko ahaldun nagusiarekin— eta Forum-en Anita Gleta artista estatubatuarrarekin elkarrizketa, bere Gernika-Guernica instalazioaz. Gainera, sarean ere ekimen osotua eskaini zuen Eitb.com-ek, informazioz betetako web orria eta bonbardaketaren zuzeneko kontaketa Twitter bidez, gertatutakoekin lotura zuzena izan zuten hamar pertsonak egingo balute bezala. Zalantza bat baino gehiago utzi zidaten, ordea, albistegiek, eta apirilaren 25ean eman zen 60 minutos saioak. Francok bonbardaketa ez zuela inoiz onartu esan zuten lehenean, nahiz Molak ondorengo hau txiokatu: «Bihar egun handia izango da, Gernika bonbardatuko dugu». Bigarrenak bonbardaketaren egiletzari buruzko bertsio diferenteak ekarri zituen, Cesar Vidal kazetari —literalki— handiaren eskutik.

Eta eskerrak Steer daukagun, The Times-entzat egin zuen kronika. Eta, kulturak barbarietik salbatuko ez gaituen arren, eskerrak Gernika memorian iltzatu diguten sortzaileak dauzkagun. Atzoko egunean berriz gogoratu genituen Paul Eluarden poema hura, osoki Gernikari eskainitako Susa aldizkariaren 20. alea, Alain Resnaisen dokumentala, Akauzazteren Uharriak kantua, Joseba Tapiaren Gernika, beste Gernika hura, Laboarena, Audiencek egin berri dion bertsioa. Poetak esan bezala, etsenplu izango baita Gernikako bonbardaketan hil zirenen heriotza, elkarrekin zabaltzeko etorkizunaren azken kimua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.