Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Gauza bat da denak batera

2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ulertzen dut garaiak ez direla onenak, ez gaudela etxaferoak botatzeko, gerrikoa estutu eta prakak jaitsi—biak batera— egin behar dugula. Ulertzen dut kendu eta kendu ari direla, dagoena mantentzeko behar dela esfortzu handia, ez dela dudako abentura berriei ekiteko arorik oparoena. Ulertzen dut denok eman behar dugula zerbait gutxi batzuek dena eman ez dezaten. Baina zailago zait ulertzen euskarazko telebista kate publikoak azkenaldian endogamiarako erakusten duen joera, gutxienez, bitxia.

Ados, gauza bat da Ai, Ama! estreinatzear dela Iban Garate, Itziar Atienza eta Xabi San Sebastian gonbidatzea aurreko eguneko Finlandia-ra. Ados, gauza bat da gero Ai, Ama! saio berrian lehen zortzi gonbidatuen artean Julian Iantzi, Xabier Euzkitze eta Txema Montoia aurkitzea; etxeko aktore izan direnak ere atera dituztela aipatu gabe: Gorka Otxoa, Andoni Agirregomezkorta eta Nerea Garmendia —lehen neska, zortzigarren egunean!—. Ados, gauza bat da Xabier Euzkitzek orain berak gidatzen duen saio berrira (Bisitaria) Manu Maritxalar ekartzea, lehen gonbidatu. Eta ados, era berean, azken Mihiluze traka-n Asier Odriozola, Andrea Arrizabalaga eta Igor Siguero albistegietakoak ikusi behar izatea. Ados. Bakoitza bere aldetik hartuta ez da hain larria ere; baina gauza bat da gauza bat, eta beste bat denak batera. Hain denbora tarte laburrean, gainera.

Eta badakit ez dela gure gaitza soilik, Etiopian ere zakurrak korrika aritzen direla. Baina, azkenaldiko odolkidetasuna ikusita, arrazoi posible batzuk bururatzen zaizkit. Bat: baliabideen optimizazioa, hau da, diru-falta klasikoa; garaiokin logikoen dirudiena. Bi: euskaldunon unibertso urria; euskaldun guztiak ETB1en daude eta, beraz, jada agertzen diren horiek baino ezin daitezke agertu berriz. Eta hiru: propaganda; estalia esan behar nuen, baina kasuon ageri askoa; alegia, losintxa elkarrekikoa.

Kontua da asteon bertan berri bat iritsi zaigula, kontrako norantzan. Antza, Ai, Ama! saioaren inspiratzaile den El Hormiguero-ra COPE irrati kateko lagun bi gonbidatu dituzte. Eta berehala Antena3en talde berekoa den Onda Cero irratikoak kexuka hasi dira, ea nola gonbida daitekeen konpententziako jendea. Aurkezleak, berriz, gonbidatuak aukeratzeko askatasuna eskatu du. Korporatibismoarekin nahastu beharko ez litzatekeena, bide batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.