Lide Hernando.
Ekografiak

Gabonetako saio bereziak

2024ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Gaur arratsaldean, Gabon gaua probestuz, Naiz irratian Izaro Andres abeslariarekin gabon kanten inguruan grabatu nuen elkarrizketa bat emango dute. Izaro Gabonetan izeneko diskoaren argitalpena eta dataren abagunea probestuz, gabon kanten idiosinkrasia aztertzen ibili ginen bertan. Ba al dago Gabonak ordezkatzen dituen musika motarik edota sonoritate berezirik? Zeri buruz hitz egin beharko lukete gabon kantek? Gabon kantek haurrentzako soilik izan behar al dute? Berrasmatu al dezakegu Gabonen tradizioa denok ordezkatuta sentitu gaitezen? Ala beti izango da batzuek maite eta beste batzuek gorroto izango duten sasoia?

Kontuak kontu, egia da gabon kantek idiosinkrasia berezi bat badutela, dela sonoritate aldetik —zintzarriak edota swinga Estatu Batuetan, soinu txikia eta panderoa gurean—, dela gaitegi aldetik —okerrenean doktrinamendu katolikoa, baina baita elurra, sutondoa, familia/lagunartea eta halako kontzeptu sekularragoak ere—. Eta gabon kantek bezala, idiosinkrasia berezko bat dute Gabonen bueltan telebistan egin ohi diren saio eta gala bereziek.

Ez dakit hau askoren iritzia izango den edo ez —zerbaitek esaten dit ezetz—, baina kutsu kitsch nabarmena badute ere, nik gogoko ditut Gabonetako saio bereziak. Saio horiek duten ezaugarrietako bat da urtearen nolabaiteko laburpena egiten dutela, eta niri behintzat, zerrendazalea eta biziki nostalgikoa naizen aldetik, asko gustatzen zaizkit horrelako atzera begirakoak. Baina bai ETBn gure kasuan, bai mundu osoko plataformetan ere, Gabonetako saio bereziek duten ezaugarririk orokortuena musika izan ohi da. Normalean, gainera, musikarekin zerikusirik ez duten pertsonaia publikoak gonbidatu ohi dituzte abestera. Eta horrek, hain trebeak ez diren abeslariak entzuteak eragin dezakeen mesfidantza baino gehiago, niri behintzat pozaren antzeko zeozer eragiten dit. Musikazale ez direnak ere musikaren bueltan dantzan jartzea lortzen dutelako izango da, arte honek mundu guztia une batez kohesiona dezakeelako ilusioa eragiten duelako, edo batek daki.

Ez ezazue juzgatu nire gaurko kurtsileria. Gabonek pozik jartzen naute. Gaur gauean Herri txiki, zirku handi saio berezia zuzenean ikusteko tarterik ez dut izango, baina ziur nahieran ikusiko dudala aurrerago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.