Gabilondo REn. Oso une aproposean hots egin zioten Iñaki Gabilondori Felipe Gonzalez hizpide hartzeko Boulevard saioan, biek RTVEn 1983an izan zuten elkarrizketa gogoan; Gonzalezek dena ukatu zuen hura. Are aproposagoa Dani Alvarezek egin zion lehen galdera: «Egun, CIAri ala Gonzalezi sinesten diozu?». Gabilondoren erantzuna, ez da erraza deszifratzen. Batetik, bera ez da fede ekintzak egiten dituen kazetaria (Ser Kateko Hoy por hoy magazinera konektatuz gero, 08:35ean, ale hop!, La firma de Iñaki Gabilondo tartea aurkituko dugu: ideologiaz eta fede ekintzaz beterik kazetari baten iritziak). Bestetik, uste du Gonzalezek solasaldi hartan aukera historikoa galdu zuela GALen erantzukizun politikoak onartzeko.
Eskerrak trantsizioan. Gabilondoren kontraesan hori bistaratzeko ez ezik, haren figura beatifikatzen segitzeko balio izan zuen astearteko elkarrizketak. 1978an atondutako erregimen politikoak Espainiako irratigintzan sekula eduki duen ahotsik legitimatzaileena (gozoena, dotoreena…), ongiaren eta gaizkiaren gainetik dagoela irensten segi dezagun. Oraindik orain esana du, berriro ere, trantsizio demokratikoa «ondo egin zela». Datu saihesgarria iruditzen zaio, bere analisietarako, Franco osteko estatu terrorismoak (BVE, GAL, torturak…) eta frankismoari eta haren estatu aparatuei 78an eskaini zitzaien inpunitateak daukaten harreman zuzena. Irudika genitzake Gabilondok eta hark kasik anaiatzat daukan Pako Etxeberria forentseak eduki ohi dituzten hizketak, topatu aldiko. «Zer moduz, Pako, nola doaz memoria historikoaren aldeko lanak?». «Tira, oraindik ehun milatik gora eraildako dauzkagu azaleratzeko». «Bada, zorretan zara trantsizioarekin; hark hatzik mugitu ez izanari esker, zuk eta zuk bezalakoek badaukazue denbora zertan pasatua».
Gaitzespenak. CIAren agiriak, besteak beste, auzitan jarri du gaitzespen sakralizatuaren kultura, zerua irabazteko ihesbidetzat hartzen dena. Eskarmentuak adierazi baitigu politikarien ahotan gaitzespenek, maiz, zerikusi txikia dutela egia, justizia eta aitormenaren aplikazio zintzoarekin. Eta aldi berean, kazetaritzaren sektoretik autokritikaren bat edo beste entzuteko, ezkutuan gordetzen direnak: «Estatu terrorismoaren kontua, ahaztuta baino gehiago, isiltasunean daramagu» (Dani Alvarez).
UHINETATIK TIRAKA
Gabilondo eta Gonzalez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu