Elikadura. Eko-tik

'Food you can trust'

2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Udazken honetan, Euskal Herriko nekazaritza ekologikoaren bilakaeran eragin handia izango du ekitaldi batek: BioCultura Bilbo azoka esanguratsua gurera dator. Madril, Bartzelona eta Valentzia artean 150.000 bisitaritik gora bildu ditu urtero, eta BioCultura ekoizpen eta kontsumo ekologikoaren erakusleihorik onena da inguruan, duela hiru hamarkadatik hona. Zorionekoak sentitzeko moduan gaude, erakustazoka berri honekin Bioterrak duela 10 urte zabaldutako bidea indartzen delako.

Beste berri pozgarri bat ere heldu zaigu Gipuzkoako kostaldetik. Zarauzko Udalak akordio bat sinatu zuen ENEEK eta Biolurrekin, udalerriko plangintzan nekazaritza ekologikoa bultzatzeko ekimenak elkarren artean bultzatzeko konpromisoa berretsiz. Honen ondorioz, bi erakundeok aholkularitza teknikoa eskainiko diegu, bai udalari—nekazaritzarekin lotutako erabakiak hartu behar dituenean—, eta bai udal-baratzeak erabiliko dituzten zarauztarrei.

Irailaren hasieran, ENEEK-ko kide batek Euskadiko Nekazari-Elikagaien Kooperatiben Federazioak Ingalaterra eta Galesera antolatutako bidaian parte hartu zuen. Bertako zenbait nekazaritza-kooperatiba handi —100 Ha-tik gorakoak— ezagutzeko aukera izan zuten. Hauetako zenbaitek ekoizpen ekologikoa egiten zuten, eta, hango arduradunen arabera, beraien eskariak azken urteetan beherantz egin du. Erresuma Batua kontsumo ekologikoaren erreferenteetako bat izanik, baieztapen honek arduratuta utzi gintuen, eta Soil Associationen datuetara jotzea erabaki genuen, argibide bila. Soil Associationen txostenek baieztatu egiten dituzte bidaian jasotako testigantzak, baina ñabardura nabarmenekin. Erresuma Batuan kontsumo ekologikoak behera egin zuen 2012an, bai, baina galera txikia izan zen: %1,5. Banatzaile-kate handietan sumatu zuten beherakada gehien, batez ere, banatzaileen marka propioetan —honen ondorio da aipatu kooperatibek izan duten eskari-galera—. Salmenta zuzenerako guneetan ere, jarduera dezente txikitu zen 2011-2012 epealdian. Orokorrean, ordea, azpi sektore gehienek hazkundea izan zuten —on-line salmentaren gorakada esanguratsua da—. Telefonoz izandako elkarrizketan, Soil Associationekoek baieztatu ziguten aurtengo zenbakiak, 2008tik hona arteko onenak direla. Otsailetik ekainera, merkatuak gora egin du, aurrenekoz azken bost urteetan. Berriz ere, antza, elikadura-eskandalu bat —kasu honetan, zaldi-haragi hanburgerren auzia— izan da gorakada leherrarazi duena.

Azken urteetako joeratik zenbait ikasgai atera ditu Soil Associationek: alde batetik, produktu ekologikoen kontsumitzaileek nahiago dute ahalik eta aukera zabalena izan toki bakarrean, eta horren ondorio izan da kontsumitzaileek denda espezializatuen aukera egitea, saltoki handiak hein batean alboratuz. Beste aldetik, krisialdiak isolatutako baserritar txikiak —arrazoi ekonomikoengatik— eta esklusiboki saltoki handiekin lan egiten duten ekoizle handiak —kateen apetagatik, banatzaileek ekologikoen aldeko apustua alde batera utzi dutelako— kolpatu ditu gogorren. Hortaz, ekoizpen eta kontsumo ekologikoaren beharrak, berriz ere, argi geratu dira: antolakuntza eta dibertsifikazioa.

@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.