Udaberririk izan ez den urte honetan, ekaina izan da hilik krudelena: polemikak hazi ditu federalismo ustelaren lurretik, CAN auziaren oroimena eta nafar politika berritzeko desira nahasi, eta hilzorian iduri zuen gobernu forala iratzarri. Neguan, hotz izanda ere, epel ibili gara, bero ez errateagatik, zenbaiten inputazioak eta bertzeen grebak zirela-eta. Uholdeek, ordea, atzenduriko idoloak berpizteko tenorea ekarri dute, eta herria tribuaren fetixaren inguruan bildu da: guziek maite dituzte foruak, hala adierazi dute aho batez —hunkitua nago— Yolanda Barcinak eta Uxue Barkosek, Roberto Jimenezek eta Cesar Orozek.
Jainkoa eta foruak: bigarren osagaiaren estakuruan, lehendabizikoa defendatzen zuten karlistek, baina, hondarrean, jainko bihurtu dira foruak, batzen omen gaituen fedea, misterio ukiezina, bere epika txikia eta bere monumentua ere badituena. Foruak: Espainian (hegoaldetik behar bezain hurbil, mendebaldetik ahal bezain urrun) egotearen truke uzten diguten txosna, zenbait jauregitzat hartzen tematzen direnak; gure historiaren ustezko lorea kaktus bat bertzerik ez da lur antzu honetan.
Tira, zuzenean erranen dut, itzulinguru eliotarrik gabe: ados nago Pere Navarrorekin, ados nago UPyDrekin, nekagarria eta aspergarria baita lehen mailako espainola izate hau. Gure «aitaso illezkorren» lege zaharren aldarrikapenak ez nau asetzen; katalanak xaxatuta, gure politikariek forutasun saindua pasieran atera duten honetan, ateoa naiz. Gero eta gehiago, ez-nafar sentitzen bainaiz. Finlandiar.
Eta negu luze honetatik ez gaituzte jainko hilek aterako.
Maratila
Finlandiar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu