Orri honetantxe eman zen atzo Txema Ramirez de la Piscinari egindako bideo-elkarrizketaren berri. Zuzeu.com agerkari digitalean atera zen eta kontu mamitsuak aipatzen ziren bertan: ETB1 bigarren mailakotzat daukatela; Amaiurren inguruko gobernu batek ere ez lukeela kenduko gaztelaniazko ETB; ETBn betidanik izan dela erabilera politikoa —eta oraingoa lotsagarria dela eta ez dela eraginkorra—; BBCren eredua —prestigiotsua, independentea, gobernuarekiko distantziaduna— nahi lukeela ETBrentzat; ETBren oraingo maila oso kaskarra dela nahiz oso profesional onak izan. Eta profesional horietako bati eskaini zioten agerkari digital berean aurreko bideo-elkarrizketa, Kike Amonarrizi. ETBk Maiatzaren Lehenari programazio berezia eskaini ez dionez, hemen Amonarrizen elkarrizketarenak orain.
ETB1en gabeziez galdetuta, bat nabarmentzen du Amonarrizek besteen gainetik: programazioa. Eskaintzari murritz irizten dio, eta gai, programa estilo eta hartzaile desberdinentzako saio gehiago beharko liratekeela gehitzen du. Kudeaketa ereduari dagokionez, beste eredu bat behar dela dio, Europan hainbat lekutan funtzionatzen duen ikus-entzunezko kontseiluen ereduan oinarritua: orain ETBk duen kontrol politiko estuegia laxatu eta kudeaketa profesionalagoa gauzatuz. Amonarrizen iritzira, telebista publikoa ezin da bakarrik elitista izan, ez eta telebista komertzialetan ematen diren formatuak kopiatzera mugatu ere: telebista generalista den neurrian, jendarte guztiari egokitzen zaizkion programak behar ditu, baina baita gaikakoak ere, sektore konkretuentzakoak, erreferentzialtasuna lortu eta tiratze lana egingo dutenak, sorkuntza, pentsamendua bultzatzeko. Aipatzen den beste kontu bat ETBren deszentralizazioa da, Euskal Herria osatzen duten lurralde guztien presentzia orekatuago bat lortzeko asmoz.
Hedabideen oraingo eraldaketa prozesu sakonaren barruan kokatzen du Amonarrizek telebista, eta oso urte gutxi barru oso modu desberdinean ikusiko dugula dio. Eta hor garrantzitsu deritzo euskal esparru komunikatiboaren inguruko eztabaida bat bideratzeari, ETBrekin zer egin behar den, zer lortu nahi den, telebista publiko bat zer den hausnartzeko, gizarte kohesio eta hizkuntza normalizazioari begira. Erronka egina zaigu, hartara.
Komunikazioa. Ekografiak
Eztabaida bat bideratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu