Garoñako zentral nuklearraren itxiera dela eta, zentralaren eraisketa-lanei buruz erreportajeak eta saio bereziak prestatzen aritu gara Elhuyar-en azken asteetan, eta gogora etorri zait duela pare bat urte edo ikusi nuen Into eternity film dokumentala. Michael Madsen zuzendari danimarkarrak egindako filma da, eta ehunka milaka urtez aktiboak eta arriskutsuak izango diren hondakin erradioaktiboek eragindako auzietako batzuk aztertzen ditu, Finlandian eraikitzen ari diren lurpeko Onkalo biltegiaren bueltan.
Gisa horretako lehenengo biltegia da munduan, eta Finlandiako erreaktore nuklearretan erabilitako erregaia jasoko du, 2020tik hasita, ehun urtez. Ondoren, aurreikuspenen arabera 2120an, zigilatu, eta betiko itxiko dute. Onkalon gordeko diren hondakinak 100.000 urtez izango dira arriskutsuak, eta Madsenek denbora-tarte horren eskalaren handitasunarekin jokatzen du, energia nuklearraz baliatu garen belaunaldiek etorriko direnekiko dugun erantzukizunaren neurriaz gogoeta egiteko. Izan ere, gure espeziearen historia guztia bezainbeste denboraz seguruak izan behar duten instalazioak eraiki behar ditugu. Dokumentalean parte hartzen dutenek garbi dute ardura beraiena dela. «Zerbait egiteko eta etorkizuneko belaunaldien segurtasuna bermatzeko erantzukizuna dugu. Guk erabili dugu energia nuklearra. Hondakinak nahitaez utzi beharko dizkiegu, baina ezin dugu ardura beraien gain utzi», esaten du batek.
Orain dugun jakintza eta teknologiarekin, bideragarrien jo den aukera hondakinak lurpean sakon, geologikoki egonkorrak diren guneetan zigilatzea da. Eta han uztea bere kasa, denborarekin erradioaktibitatea galdu eta arriskutsu izateari uzten dioten arte.Kontua da denbora hori asko dela, eta, ezinezko galdera eta auzien aurrean jartzen gaitu etorkizunera hain urrun proiektatzeak.
Onkaloren alde egin dutenentzat, adibidez, bideraezina da hondakinak lur gaineko biltegietan egonkortuta gordetzea. Haien gaineko ardura teknikoa eta ekonomikoa etorriko direnen gain uztea litzateke, aldatuko direla seguru dakigun lurrazaleko kondizioen mende. Garbi dute biltegiak lurpean egon behar duela, ezagutzen dugun ingurune egonkorrenean. Eta autonomoa izan behar duela: haren segurtasuna ezin da egon giza kudeaketaren esku, berez izan behar du segurua, modu pasibo batean, dozenaka mila urtez. Hori egiteko gaitasunik dugun ez dakigu seguru, eta 40 urte joan dira lurpeko behin betiko biltegiak agindu zirenetik, bat bera ere abian jarri gabe. Hondakin nuklearrekin epe luzean zer egin ebatzi gabeko auzia da.
Baina demagun erantzukizuna gure gain hartzen dugula, eta betetzen ditugula hondakin erradioaktiboz lurpean biltegiak. Zer esan behar diegu —edo diete, 2120an— etorkizuneko belaunaldiei Onkaloz hura itxi ondoren? Etorriko direnei ohartarazi behar zaie han gordeta dagoenaren arriskuaz? Eta baiezkotan, nola? Nola egiten da hori 4.000 belaunalditan barrena? Beharbada seguruagoa da biltegiaz betirako ahaztea eta inongo zibilizaziok aurkituko ez duela pentsatzea. Baina, eta aurkitzen badute, zer denaren arrastorik ere izan gabe? Ezinezko galderak dira, eta txundigarria da ikustea haiekerantzun nahian zer xehetasun aztertzeraino iritsi diren Onkalorentzat etorkizuneko eszenatokiak irudikatu dituztenean arduradunek. Narrazioaren dramatikotasuna gehiegikeria hutsa izanagatik,gogoeta interesgarriak egiten dituzte dokumentalean agertzendiren elkarrizketatuek, eta merezi du, jakina, Elhuyar-eko nire lankideek prestatu dutena Zientzia.net-en ikusi, entzun eta irakurriondoren.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Ezinezko galderak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu