ana galarraga aiestaran
Elhuyar Zientzia

Hau ere ez da kasualitatea

2024ko urriaren 18a
05:00
Entzun

Joan den astean iragarri zituzten Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako aurtengoNobel saridunak. Zazpi dira, eta zazpiak, gizonak; denak zuriak, eta AEBkoak edo Erresuma Batukoak. Kasualitatea? Ez, noski. Hain zuzen, egun batzuk lehenago, Nature aldizkariak irabazleen soslaia iragarrri zuen, aurreko urteetakoenean oinarrituta. Eta bete-betean asmatu zuen. Horrek agerian jartzen du, hautaketa-sistema irauli ezean, Nobelak eskuragaitzak izaten jarraituko dutela emakumeentzat, jatorriz anglosaxoiarrak ez direnentzat, diru-sarerra apalak dituenentzat, eta familia akademiko jakinetatik kanpo daudenentzat.

Egiturazko diskriminazio hori, bederen, Nobeletara mugatuko balitz, gaitzerdi. Tamalez, zientzia-sistemaren erakusgarri gorena da. Gauza bera gertatu baita Standford-eko zerrendan. Zerrenda horretan, argitalpen zientifikoetan gehien aipatzen diren ikertzaileen % 2 hautatzen dituzte, eta Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi du beren unibertsitateko 162 ikertzaile daudela tartean. 

Bada, 162 horietatik, 24 baino ez dira emakumeak; hau da, % 15 baino gutxiago. Gainera, 162etatik 119 seniorrak dira, hau da, beren lanbide-ibilbide osoan izan dituzten aipamenak kontuan hartuta sartu dira rankingean. Haietatik, 12 dira emakumeak; % 10. Altzitik, EHUren emakume ikertzaileen ehunekoa (doktoreak eta doktore ez direnak batuta) % 47 da; prentakuntza bidean diren emakume ikertzaileena, berriz, % 55.

Hortaz, hau ere ez da kasualitatea. Standford Unibertsitateak, zerrenda egiteko, argitalpen zientifikoen inpaktuarekin lotutako hainbat parametro aplikatzen ditu: indexatutako argitalpenen kopurua, beste zientzialari batzuek argitaratutako lanetan zenbat aldiz aipatu diren argitalpen horiek, h indizea (ikertzaile baten lan zientifikoek jasotako aipuen banaketaren araberako faktore bat), egilekidetza, eta aurreko faktore guztiak uztartzen dituen azken adierazle bat. Alegia, lan batek jasotzen duen aitortzan oinarritzen da zerrenda. Eta emakumeen lanek ez du aitortzarik jasotzen.

Hori frogatzen duen azterketa bat argitaratu zuen, adibidez, Nature aldizkariak 2022an, irekian, eta izenburuak horixe dio, hitzez hitz: «Emakumeek aitortza txikiagoa jasotzen dute zientzian gizonek baino». Ikerketaren arabera, emakume zientzialariek gizonek baino % 13 probabilitate txikiagoa dute artikuluetan egile gisa azaltzeko; patenteetan, askoz ere nabarmenagoa da joera hori, % 58 aukera txikiagoa baitute, nahiz eta kalkuluetan aintzat hartu dituzten titulua edo kargua, ikerketa-arloa, taldea eta lan egindako egunak.

Gutxiespena ikasle diren garaietatik gertatzen dela erakutsi du Natureko azterketak: emakumeen % 15 soilik azaltzen da izendatuta parte hartu duen ikerketarekin zerikusirik duen dokumenturen batean; gizonen kasuan, % 22ra igotzen da ehunekoa. Horrekin batera, emakumeen proportzioa jaisten doa, ibilbide zientifikoak aurrera egin ahala. 

Datuak erakusteaz gain, Rosalind Franklinen auzia ekarri dute gogora. Izan ere, haren ikerketa gako izan zen DNAren egitura argitzeko, baina Franklin itzalean geratu zen, James Watsonen eta Francis Cricken alboan (azken bi horiei Medikuntzako Nobel saria eman zieten 1962an, DNAren egitura azaltzeagatik). Azterketaren egileen esanean, «ebidentziek iradokitzen dute Rosalind Franklin ez dela, urrundik ere, bere lanarengatik aitortza jaso ez zuen bakarra». Duela 60 urte ez zen kasualitatea; gaur egun, are gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.