Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Existitu behar ez eta

2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Badira sekula existitu beharko ez luketen telebista saioak. Ez txar, ez jasanezin, ez inteligentziaren aurkako irain direlako. Ez. Beren existentzia hutsa anomalia baten adierazle delako baizik. Eta herri honetan ingelesaren ezagutza izango bagenu, herri aurreratuenen pare —zergatik esaten diete aurreratu, esan nahi dietenean dirudun—, ez genuke beharko egunero In English Please izeneko saio bat. Eta, irakurle maite, denok dakigu hemen trakets antzean mintzo garela gehienok XXI. mendeko latinean; batzuek, segur aski, inperioaren kontrako erresistentzia gisa; gehienek, ordea, jarri ez direlako, jarri ez dituztelako; txarrenean, ezintasun gordinenaren ondorioz. Baina gaitz guztiak ez dira kalterako: normaltasunean irabaziko genukeena galduko genuke telebistari dagokionez: azkenaldian estreinatu den saio sinpatikoenetakoa da In English Please.

Egunean hainbat alditan, ETBko lehen eta bigarren kateetan ematen digute ingeles dosi poxi bat, bost minutu eskas, supositoriotxo bat. Eta larunbat-igandeetan kaxa osoa, aste osoan emandako bost kapituluak kolpetik, 25 minutuko sesio trinkoa. Haria ez du batere harrigarria: tipo bat —Alan Griffin australiarra, katxondo hutsa—, bizikleta gainean, kamera bat lepotik zintzilik, beste bat bizikletaren eskulekuan, eta aurrera, abentura bila. Kaleko jendearekin izango ditu elkarrizketak, batzuk erraz-naturalagoak, besteak zangalatrabaz beteak, betiere elkarrizketatuaren abilidadearen araberakoak. Orain galdetuko dio gauza bat, orain eskatu argibideren bat, elkarreragin laburrak izaten dira beti, turista kurioso batekin izango genituzkeenak. Eta hitz egindako guztiak agertuko zaizkigu pantailan idatzita; akatsik balego, gainera, soinutxo bat, eta gorriz zuzenduta. Beste saio batzuetan azalpen zehatzagoak ematen dira, agurtzeko manerak, kortesiazko egiturak, gauza oinarrizkoak. Eta, tarteka, saioren bat eskaintzen zaio abesti bati: haur batzuek kantatzen dute ingelesezko kantu bat, bideoklip baten modura. Atal horiek iruditzen zaizkit ahulenak.

Sekula ez luke existitu beharko In English Please gisako saio batek. Baina existitzen den bitartean, ze ondo etorriko zaidan osatzeko nire ingeles traketsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.