Elikadura. Eko-tik

Eusko Jaurlaritzak babesa indartu du

2014ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Euskadiko ekoizpen ekologikoaren 2013ko datuen aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako sailburuorde Bittor Orozek adierazi zuen moduan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lehentasunetako bat da nekazaritza ekologikoaren ekoizpen eredua bultzatzea, ingurumenaren iraunkortasuna hobetuz aurrera eginez. Hori dela eta, gehitu zuen, une honetan idazten ari den 2014-2020 Landa Garapen Programan, ekoizpen eredu ekologikoari pisu handia ematen ari zaiola. 2014-2016 eperako Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Sustapenerako Plana lantzen ari dira ENEEK eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako Sailburuordetza.

ENEEKen datuen arabera, eragile ekologikoen kopuruak %8 egin du gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2012ko datuekin alderatuta, 28 eragile gehiago daude; guztira, 389. Lurraldeka, eragileen %40 gipuzkoarrak dira, %30 bizkaitarrak eta beste %30 arabarrak.

Labore ekologikoek hartzen duten azalerak ere %8 egin du gora, 2.627 hektarea hartzeraino. Eredu ekologikoan lantzen den azalera osotik, %59 larreak, belardiak, bazka eta labore proteaginosoak dira; %20 mahastiak; %6 zerealak eta lekale aleak; %6 fruta arbolak; %5 beste labore batzuk; eta %4 ortuariak.

Abeltzaintzari dagokionez, etxalde kopurua txikitu egin da. 77 azienda ekologiko daude, 2012an baino bederatzi gutxiago. Azpi jardueraka, arrautzetarako hegaztiak (%23), okelatarako behiak (%21) eta okelatarako ardiak (%18) dira nagusiak.

Elikadura ekologikoaren arloan Euskadi zerbaitegatik nabarmentzen bada, hemen dagoen eraldatzaile kopuru eta aniztasunagatik da. 128 daude guztira, gehienak, familia enpresak. Nekazaritza ekologikoko elikagaien enpresa horien laurden bat inguru (%23) Bizkaian kokatzen dira; beste laurden bat Araban, eta erdia pasatxo (%52) Gipuzkoan. Lehengai begetalen eraldaketan, duten garrantziagatik, okintza, ardogintza eta sagardogintza nabarmentzen dira. Animalietatik eratorritako elikagaien elaborazioan, azpimarratzekoak dira gaztandegiak, arrautzen ontziratzea eta arrain-kontserbak. Diru sarreren aldetik, fakturazio bateratua hamahiru milioi eurokoa izan zen 2013an, 2012koa baino %30 handiagoa.

Elikagai ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa handituz doa, joera baten adierazgarri. Orozek datuen aurkezpenean esan bezala, nekazaritza ekologikoak hazkunderako aukera asko dauzka. Roman Bengoa ENEEKeko lehendakariak Kontseiluaren helburu zehatza ere adierazi zuen: 2016rako Euskadiko eragile kopurua bikoiztea. Nekazaritza ekologikoa bultzatzeko asmoarekin, Eusko Jaurlaritza Europako Batasunaren bidean jarri da. Izan ere, Europako Nekazaritza Ekologikoaren Sustapen Planak sarreran azpimarratzen duenez, ekoizpen ekologikoak iraunkortasunerako giltzetariko asko dauzka, eta izaera berritzailea mantendu eta sustatu behar da. Eredugarri izanik, ekoizpen konbentzionalean ematen diren jarduera kaltegarrietan aldaketa positiboak eragin ditzan.

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.