gaizka izagirre

Euskarazko telesailak

2025eko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

2023ko irailean eman zuten Itxaso, Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza eta konpainia protagonista zituen telesaila. Hamalau hilabete inguru pasatu dira, eta geroztik EITBn ez da helduentzako euskara hutsezko telesail bakarra estreinatu; 2025ak, zorionez, nobedadeak dakartza.

Aspalditik gorriz markatutako izenburua Zeru ahoak telesailarena da. Hondar ahoak-en jarraipena izango da, edo, hobeto esanda, zuzendariaren hitzetan, «Nerea Garcia protagonistaren bizitzaren jarraipena». Nerea Aranbururen pertsonaiak Ondarroan bizi izandakoaren ostean, Ertzaintza utziko du, eta etxera itzuliko da, Bilbora. «Hondar ahoak-en, protagonista kanpotarra zen, arrotza zitzaion herri batean zegoen. Orain, Bilboko periferian ibiliko da, ingurugiro urbano eta ilun batean», Koldo Almandozek azaldu duenez. Almandoz bera da zuzendaria, eta Aranbururekin batera Josean Bengoetxea, Sara Cozar, Miren Gaztañaga, Unai Bages eta Nerea Sanz aktoreak arituko dira, besteak beste.

Urtzi Urkizuk 2024ko irailean aurreratu zuen moduan, Desagertuta izeneko seriea ere izango dugu.Aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz grabatu duten ekoizpen bat da, eta hau kontatzen du: lagun talde batek gau bat pasatuko du mendian, eta haietako bat desagertu egingo da. Desagertzearen aurretik, Jon gazteak birala bihurtuko den bideo bat jarriko du Interneteko sare sozialetan. Hori izango da utziko duen arrasto bakarra. Zortzi atalak Primeran eta Netflix plataformetan emango dituzte.

Baleuko ekoiztetxeak, berriz, Ilargi Gorria estreinatuko du. 45 minutuko bost ataletako thriller fantastikoa izango da, eta bereziki 16-30 urte bitartekoentzat da. David Losadak zuzenduko du, eta Losadak berak eta Mikel Alvarezek idatzitako gidoia du oinarri.

Azken aipamena: Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbidek osatzen dute, Marramiau kolektiboaren eskutik, Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz. Haurrei eskainitako animaziozko telesaila. Oso proposamen berezia da, nortasun handikoa. Izenak ondo dioen bezala, kontakizunean bi munduren arteko zubia eraiki dute. Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutuko ditu Izeik, urteetan itxita egon den argi zubi bat irekiko baitute, bi planeten artean bidaiatzeko modua ematen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.