Azkenaldian asko dira euskara eta teknologiaren inguruan sortzen ari diren ekitaldiak. Askotan eztabaida ez da gai jakin bati buruz, euskara bera gai bihurtzen da. Euskara gai gisa alboratzeko ordua iritsi dela uste dut.
Arlo askotan, zentzu handia du euskara gai gisa kokatzeak. Teknologiaren alorrean, adibidez, oso garrantzitsua da hizkuntza teknologien inguruan euskararen berezitasunak kontuan hartuko dituzten lanak eta eztabaidak aurrera ateratzea.
Itzulpengintza automatikoaren arloan, esaterako, lan eta aukera handiak daude gure inguruan. Beti egongo da teknologia gaizki erabiltzen dutenak; jatetxe bateko kartan itzulpen automatiko bidez «bortxaketa eta ganbaz piper beteak» jartzeko ausardia duenak.
Hala ere, ordua da euskara gai moduan jarri beharrean, euskaraz gaiei buruz hitz egiteko. Bakoitzak bere arloetan emateko prest dagoena emateko garaia. Antolatzen diren saio, proiektu, ekitaldi eta abarretan kontuan hartu behar dugun ardatz berria dela uste dut.
Batzuei kostatuko zaigu, eta, beharbada, esan behar genituen gauzak euskaraz egiteagatik bakarrik bereziegiak ez direla ulertuko dugu. Aurkakoa ere gerta daiteke, eta gure arloko beste batzuekin eztabaidatu eta hitz egin ondoren egiten dugun horrek balio handia duela ulertzera irits gaitezke. Edozein kasutan, egiten denak izango du garrantzia, ez euskaraz egite soilak.
Horrek ez du esan nahi, dena dela, euskararen egoera kontuan hartu behar ez dugunik, laguntza berezia beharko ez duenik, kasu askotan atxikimenduak beste parametro batzuei garrantzi handiagoa emango ez diogunik. Bada, diskurtso hau oinarritzat hartuta, euskararekiko sostenguaren eta languntzen aurka egin nahiko duenik, baina ez da hori kontua. Bakoitzak bere alorretik normal sormena astindu eta ekarpenak egitean dago gakoa.
Teknologiarekin bueltatuz, eta Kilometroak igande honetan direla baliatuz, aurreko urtean hasi zen klikmetroak.com ekarpen interesgarria iruditu zitzaidan. Aurten, ginKMKana.com jokoan parte hartzeko aukera izango da lehen aldiz. Ekarpen xumeak, baina euskara gai moduan bainoago, euskaraz egiten dutenak.
Komunikazioa. Irlen sarea
Euskaratabu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu