Aa, zientziak ekartzen dizkigunak... Science aldizkari serios amerikarrak berriki erakusten du Sapiens giza arrazaren esku jarriak izan ziren hainbat harpeetako marrazki eta pintura Neanderthal gizakiarenak liratekeela! Hauteskundeen bezperan hemen ezkerra eskuineko kazikoak botatzera saiatzen ari delarik, zer munta du ohartxo honek? Uste baino gehiago, beharbada, gure jarrera zaharrak ikusiz.
Iragarki bat, azken aste hauetan, hemengo karriketan ikusgarri da: Orreagan Roland edo Ruothland gudari franko zintzoa azken hatsa ematen ari da, bere olifant adarrarekin azken deiadarra emanez, «Epinal-eko irudi» famatu baten itxurarekin. Abuztuaren 15ean haren heriotzaren 1234. urtemuga sinbolikoa gertatuko delakoan? Ez pentsa: irudiaren azpian idatzia da «gaur egun enpresak sortzea errazago da Euskal Herrian». Nahi duenak nahi duena ulertuko du: edo euskaldunak basati batzuekin alderatzen gaituzte, atzerriko barbaroen inbasioak ez ditugulakoan estimatzen, eta bidenabar, kultur mestizajeak ez ditugulakoan maite edo, hala uste lukete iragarkiaren egileek, gaur egun bazterrak baketuak direla hemen, berdin ikusmolde hau ez baita hain itsusia. Hots, dubitatiboak geratzekorik bada.
Zientzialari fisikariek harpeetako pinturen gaineko geruzatik uranioa analizatuz datazio hobeak egin dituzte: Neanderthaleko arraza sapiens-ekin gurutzatu zitekeela eta, garrantzitsuena, arte sorkuntzan berdin neanderthalekoak zirela abiatu! Eta gu hemen, gure prognatismo zaharraz, edo berdin basioi hezurraren inbertsioaz, ez dugu beraz ahalketzekorik. Basa eta primitibo izateaz hainbeste hobendun jarri gintuzten... eskerrak zientziari!
Maratila
Euskal Neanderthal
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu