Antzinaroan, gaur egun desagertu diren gizatalde asko egon ziren, eta horiei buruzko informazioa garatuago zeuden herriek idatzitako iturrietatik jaso dugu. Horien artean eszitiarrak ditugu, Kristoren aurreko lehen milurtekoan estepa pontikoan bizi izan zirenak, hau da, egungo Ukrainan, Errusian eta, batez ere, Kazakhstanen. Historialari greziarren bidez izan dugu haien berri, Herodotoren eta Estrabonen bidez batez ere, eta haiei esker dakigu zaldien abeltzain nomadak zirela, trebeak zaldi gaineko gerran. Baina, historialari greziarrek esandakoaz gain, eszitiarren inguruko ezaugarri gehiago ezagutu ditzakegu? Non dago haien jatorria? Egungo gizatalderen bat haien ondorengoa al da? Ba al dugu erantzunik horrentzat guztiarentzat? Bai, eta erantzuna genomikan dago.
Gnecchi-Ruscone eta haren lankideak, Science Advances aldizkarian martxoan argitaraturiko lanean, eszitiarren historian murgildu dira, eszitiarren lurraldeko eta garai desberdinetako 111 banakoren genomak sekuentziatuz. Eszitiarren sorlekuari dagokionez, lan hau argitaratu arte ez zegoen argi non kokatu: ikertzaile batzuek estepako mendebaldean jartzen zituzten bitartean, beste batzuek ekialdean sortu zirela proposatzen zuten. Hori genomek ebatzi dute, eta Kazakhstango ekialdera eraman dute jatorria, Altai mendietara zehazki; baina, nomadak ziren heinean, frogatu dute urteak pasatu ahala beste talde askorekin nahastuz joan zirela, bai Kaukasoko, bai garai hartako estepetan bizi ziren beste talde batzuekin, genetikoki oso gizatalde dibertsoa sortuz. Badirudi nahasketekiko oso gizatalde dinamikoa izan zela, eta horren adibide dugu K.a. 600. urtetik aurrera Mongoliatik eta Pertsiar Inperiotik etorritako banakoekin modu esanguratsuan nahastu zirela. Ikerlan berean estepetako beste talde batzuk ere aztertu dituzte, eta, adibidez, badirudi eszitiarrekin erlazionaturiko sarmatak, jatorriz, Ural mendien hegoaldekoak zirela.
Eszitiarren patuari dagokionez, talde gisa orain dela 2.000 urte inguru desagertu ziren, baina haien ezaugarri genetikoak nonbait mantentzen al dira oraindik? Horretan ere sakondu dute, eta ikusi dute ikerlan horretan antzemandako antzinaroko nahasketa maila eta dibertsitate handi horiek desagertuz joan zirela. Horrela, gaur egungo kazakhstandarrak homogeneoagoak dira, dirudienez, XV. mendetik aurrera Kazakhen Khanerriak jarri zituen ezkontzetarako arauen ondorioz.
Eszitiarrak bezala, beste gizatalde asko egon ziren antzinaroan eta orain. Garai haietako aztarnak sekuentziatuz, gizatalde horien historia berreraikitzen hasi gara, desagerturiko pasarteak berreskuratuz. Zirraragarria!
Zientzia. ARGI ALDIAN
Eszitiarren genomika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu