Elikadura. Eko-tik

Esne eta esneki ekologikoak, eskurago

2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Dibertsifikazioa eta salmenta zuzena baserri txikiak bizirik irauteko giltzak dira. Ekoizpen ekologikoa baserri horien baliabideak zaintzeko eta iraunkorrak izateko bidea da. Behieko elkarteko kideek ondo ezagutzen dituzte oinarri horiek. Duela hiru urte, haien behien esnea eraldatu, eta inguruko denda eta tabernetan saltzen hasi ziren. Orain beste pauso bat eman dute, eta esne eta esneki ekologikoen makina jarri dute Tolosan, jendearengana gehiago gerturatu eta produktu ekologikoak edozein unetan eskuragarri jartzeko. Salmenta zuzena garai berrietara egokituz doa; esneki ekologikoak eskuratzeko bigarren makina da hau, Hernaniko Telleri-zahar baserriko artzainak izan baitziren ekologikoen artean pausoa ematen lehenak.

«Hara behi mekanikoa», aipatu zuen norbaitek inaugurazioan, eta erostera joaten denarentzat hala izan daitekeen arren, lan handia eta etengabea dago atzean behi horrek funtziona dezan. Ez diet behiei meriturik kendu nahi, baina oraingoan abeltzainen lana goraipatzeko momentua da. Haiek arduratzen dira animalien elikaduraz eta bizi-baldintzez, eta horrek eragin zuzena dauka esnearen kalitatean. Abeltzaintza ekologikoan, ezaugarri nutritibo handiak dituzten elikagai osasungarriak ekoizten dira, tokian tokiko natura ingurunea babestuz eta Europak markatzen duen araudia betez. Europako araudi horrek lurrari lotutako hazkuntza sistemak ziurtatzen ditu, azken batean baserri bakoitzean bertako baliabide eta larreen erabileran oinarrituta.

Hori irakurrita, Europako araudia jakin gabe, abeltzaintza ekologikoaren ezaugarriak ondorioztatzea ezinezkoa da. Nabarmenenak aipatzearren: ganaduak ukuiluan libre ibiltzeko eta larrean bazkatzeko aukera du eta larreetan ez da ongarri kimikorik ez pestizidarik erabiltzen. Elikagaiak, pentsu zein belar, nekazaritza ekologikoko araudia bete behar dute; beraz, ez dute kimikorik, ez trasgenikorik, ez gehigarri sintetikorik. Kasu honetan pentsua inguruko herrialdeetako nekazariei erositakoa da, eta ganadua gaixotzen denean, oso kasu larrietan bakarrik ematen dizkiete antibiotikoak, ahal dela homeopatiarekin sendatzen dituzte.

Jada ez dago esne eta esneki ekologikoak ez kontsumitzeko aitzakiarik. Ingurunea zainduz, zapore, ezaugarri eta kalitate aparteko elikagaiak dira; eta orain, noiznahi gure esku daude.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.