Zer nahiago?Milaka omen EITBko irratiak entzuten dituztenak. Irrati horietako esale edo kolaboratzaileek, ordea, ba al dakigu zein irrati nahiago duten? Mariano Ferrerek Miramongo bidean SER katea aditzen duela aitortu zigun lehengo astean; Esteban Antxustegi Faktoria-ko astelehenetako solaskideak gauetan Interreconomia-ko tertuliak sintonizatzen omen ditu. Atzo, Almudena Cachok garbi utzi zigun ez zela Vizcainoren garaiko MQP-ren entzulea, ez baitzekien Iñaki Oiartzabal PPko ordezkari gisa azaldu izan denik inoiz larunbateko solasaldian.
Goikoen konpasean. Jim Mather Eskoziako ministro ohia Gipuzkoan izan da, eta Maite Artolak elkarrizketa egin dio Euskadi Irratiarentzat. Radio Euskadik, ostera, erabaki du entzuleontzat nekez izan daitekeela interesgarri testigantza hori. Aldi berean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen azken agiriari artean ez bezalako abegi ona eskaini dio (Ganbara, Boulevard, albistegiak…), jarrera aldaketa horretan PSErekin bat eginez. Gehiegitxoetan, ematen du REk goikoek markatu konpasean egiten dituela urratsak, bigarren mailan utzita irizpide informatiboa.
Parte bat. Bilboko alkateak oposizioko zinegotzi batekin edukitako eztabaida politikoa (bata zein bestearen esanak) segundo laburreko tarte banarekin eman ziguten REko albistegietan ostegunean. Ostiral goizean, Boulebard-eko tertulian Dani Alvarezek Bilbokoa hizpide (bazka) jarri zien solaskideei (Lurdes Perez, Mariano Ferrer, Pedro Ugarte); hori bai, soilik alkateren adierazpenak emanik, erantzuna saihestuz. Kazetaritza ariketa kuestionagarria bada, badenez, eztabaida gaia horrela planteatzeak...
Umore sena. Anjel Alkain eta Aitor Gabilondok (Antes de mirar cruzar, 11:30-12:00) gidoia aski prestatuta daramaten arren, Dani Alvarez horiengana zer datorkion gehiegi jakin gabe arrimatzen da. Airoso irteten da gehienetan. Asteazkenean, adibidez, ateraldi irudimentsua erabiliz zuzenketa bat egin zien bi parodiagileei: Carmelo Barrio aipatzen ari ziren, EAEko Gobernu delegatua zelakoan. Alvarezek, halako batean, Carlos Urquijo zela benetako delegatu zehaztu nahi zien, «biak ere burusoilak eta antzeko aurpegia daukate, baina bigarrena lehena baino luzexkoagoa da buruz, txiklea luzatzen denean bezala».
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Eskutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu