Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Eskuinekoa ukitzeko eskatzeko

2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Maitagarriak iruditu zaizkit beti zuzendariari idatzitako eskutitzak. Egunkarietako sail klasikoa dira, zuzendariari zuzenduak izanik ere, egunkariaren irakurle guztiek irakur ditzaketen testutxo horiek. Lirikotasun handiko poemaren bat osatzeko, jendeari agur amultsu bat emateko, egunkarian berean argitaraturako testuren bati objekzioren bat egiteko. Barrenak husteko, azken buruan, barrenak husteak dakartzan ondorio guztiekin. Tarteka sortzen dira polemikatxoak ere, hasten dira objektatua eta objekziogilea ika-mikan. Hor jotzen du goia generoak, eta hatzak zupatzen ditu irakurle bestela aspertuak.

Asteon berripaper honetan argitaratutako eskutitz batek eman dit atentzioa. Izan ere, telebista baitzuen gai nagusi eta bakar.

Tomas Anjel Gonzalezek sinatu zuen, Abanto-Zierbenatik, eta bertan ez zuen leku bereziki onean uzten zutabeotan mintzagai dugun etxetresna elektrikoa. Hitz gogorrak zituen telebista gajoarentzat, aspaldi entzun gabeak: «hasieretan», dio bidaltzaileak, interesgarria iruditzen zitzaion, ematen zuelako «bizitza oso ondo islatzen zuela». Baina gero sutu egiten zaigu gizona, telebistak orain ematen diguna «zabor nazkagarri» gisa definitzeraino eta, azkenerako, «asmakizun okaztagarria» izendatzeraino telebista.

Tira, denok dugu egun txar bat, ohi baino haserreago gauden egun bat. Ez da zail-zaila ere telebistak amorraziora eramatea. Ez dakit Tomas Anjelen kasua hori zen. Baina ez dut uste halako orokortzeak justuak direnik inoiz, are gehiago hainbat momentu eder eskaini dizkigun telebistaz ari bagara. Arte gisako kate bat okaztagarria da? Nazkagarria ote da Sautrela? Izango da baietz erantzungo dizunik ere, noski. Baina denok dugu egun txar bat, egia da; telebistak ere bai. Eskutitzari buelta pare bat ematen ari nintzaiola, hara non ikusten dudan telebistan, Tele5 delako katean, Gran Hermano deituriko saioan, Mercedes Mila izeneko aurkezlea ipurdi erakusketan, leihakide bati eskatuz ukitzeko lehenik ezkerreko titia eta ondoren eskuinekoa ukitzeko.

Baina txikikeria horiengatik ez dugu botako sutara inbento guztia, telebistak jarraitu behar du existitzen, aizue, besterik ez bada zutabe honek ere existitzen jarrai dezan. Edo jarrai ditzagun irakurtzen zuzendariari idatzitako eskutitz haserretu askoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.