Hendaiako ikastolaren auzia oraindik ebatzi gabe dagoenez, eta udazkena udaberriaren kolorekoa baletor ez denez goxoa izanen kale gorrian klaseak hartzea, gai honen larritasuna oroitarazi nahi nuen hasi aurretik. Eta bidenabar, eskolaz hitz egin. Hezkuntzaz, hizkuntzaz, eta bien arteko ezkontzaz, euskalduna izatea homosexuala izatea bezain konplikatua baita errepublikan.
Nik ikastolan ikasi nuen frantsesez. Euskal gramatika ere erakutsi ziguten, noski, eta esaldietan galdegaiak duen garrantzia, horregatik esan dut eta berriz ere badiot «nik ikastolan ikasi nuen frantsesez», eta ez ikastolan frantsesez ikasi nuen. Ez nabil hizkuntza eskolaren batean lan eske, —bidenabar esan dezadan gazteleraz ere erakutsi zigutela ikastolan, hegoaldeko ikastoletan frantsesez baino askoz gehiago, zorionez eta zorigaitzez— nik esan nahi dudana aski sinplea da; iparraldean aski modan jarri den eredua da hezkuntza elebiduna, edo «eskola elebiduna» delakoa. Eskolaren bat baldin bada elebiduna, bi mintzaira gaitasun espresibo aski handian erakusten dituena, hori ikastola da. Dei dezagun gauza bakoitza bere izenez. Elebidun izena eman zaien horiek, alde bat egia dute eta bestea gezurra, Espagnacek bezala.
Nahiago duzu orduan eskola frantses elebakarra? hasiko zait norbait, eta galdera maltzurra da. Alde batera, ez noski!, «eskola elebidunak» euskarara inguratzen baitu jendea, baina inguratzen du aintzira batera bezala. Ez da handik ia inor euskarara murgilduko, ez baita handik euskaldun osorik ateratzen, hango haurrak ez dira gorputzaldi guztietarako euskara baten jabe egiten, bizitzako funtzio askotarako hizkuntza mugatua zaie euskara, beraz badu gezur bat elebidun hitz horrek. Eta hala ere etorkizuneko guraso gehienak erakar ditzakeen eskola eredua dela susmatzen dut, guraso frantses askok prestutasuna bai baitu euskarara hurbiltzeko, eta horretarako eskola egokia da «elebidun» hori, prentsa ona du, eta haurrek euskara «ere» ikasten dute bidean frantsesik galdu gabe. Euskalduntzeko borondate on bat oker kanalizatzeko bidea baldin badira hasierako galdera maltzur horri alde batera, bai noski! erantzuteko prest nago. «Eskola elebidunek» euskaldunduko gaituztela dioen gezur hori da iparraldeko euskaldungoaren etorkizuneko arriskurik larrienetakoa.
Zer egin orduan? Lur hori ez dela emankorra ongi esplikatzeko gai izan beharko dugu, eta eredu horretan dabiltzan eskolei goldea sakon pasarazi. Hala egiten ez badute ikastolen esku mugatuetan geldituko da gure etorkizuna.
Ezarian. BERRIAk 10 urte. Iritzia
Eskola elebidunen arriskua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu