santi leone
Maratila

Eskaintza

2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Eskaintza genero literario zaila da; batzuetan, irakurlea kontent uzteko liburuko lehen orrialde zuri horretan zer idatzi asmatzeak liburua bera idazteak baino eginahal handiagoa eskatzen ahal du: nik ongi dakit hori, ez eskaintza anitz idatzi behar izan ditudalako, anitz eskatu ditudalako baizik. Gustukoenen artean, Harkaitz Canok Belarraren ahoa-n jarri zidana —baina horretan ere artista da Cano—, edo Pantzo Hirigaraik Poto nobelaren nire alean paratu zidana, eta honela hasten dena: «Zaren bertsozale fin horrek barkatuko dit...».

Vianako Printzea saria jaso ondoan, Daniel Innerarityk ere liburuak sinatu behar izan ditu naski, baita saria jaso baino lehen ere. Twitterren, Carlos Salvador UPNko diputatuak erakutsi du filosofoak 2004an oparitu zion lorea: «Carlos Salvadorrendako, politika etengabe eraldatzen segi dezan». Beraz, politika bertzelakotu beharraz aritzen delarik, Salvador du gogoan Innerarityk. Ez dago gaizki. Nolanahi ere, analisirako gaitasun handia aitortu behar zaio saridunari, Salvadorrengan antzeman baititu bertze inork asmatuko ez lituzkeen bertuteak.

Baten batek erranen du eskaintza gizalegezko formula bat bertzerik ez dela, eta ez genukeela serioegi hartu beharko. Baina dituen mugak onartuta, gauza ugari idazten ahal dira eskaintza batean, gizalegezkoak guziak. Eta niretako Innerarityk sinesgarritasun handiagoa izanen luke, 2004 urrun hartan Carlos Salvadorri jarri izan balio miresten dudan idazle batek hamar minutuz hausnarrean aritu ondoren niri eskaini zidan esaldi hau: «Eskerrik asko etortzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.