Julen Otaegi Leonet.

ErRuki, jaun... anderea

2024ko uztailaren 6a
05:00
Entzun

Baliteke gaitza izatea yankiengandik datozkigunak ezbaian jartzea; halaxe saldu digute, ordea, RuPaul drag queen-a (San Diego, Kalifornia, AEB) inoiz izan den famatuena delako premisa. Paris is Burning dokumentalekoak (1990) gertatu bitartean New Yorkera aldatu zen; piura oso glamourra aurkezteko, aurreko hamarkadako punk-rock estetika erantzi zuen, eta kiribildutako galtzetak titi zorroan sartu; eta, lehen bospasei urteetan, gorriminez pintatutako ahoz ahokoarekin ezagutarazi zuen bere burua bertako drag eszenan, nahiz eta haren ahotsa aditu zutenean lortu zuen entzute handia: 1992an Supermodel (You Better Work) singlea kaleratu zuen. Garai hartatik egundaino ez da takoi garaietatik jaitsi. Ez dirudi orpoak minberatu zaizkionik, ezta gutxiago ere.

Lau urteko jauzia. La Veneno Mendebaldeko parkean ezagutu eta urte berean, Atlantikoaren bestaldean, RuPaul trabestiak eta Michelle Visage mari marisak ere agerraldia egin zuten pantaila txikian, The RuPaul Show programan (1996-1998). Kantutzarrak kaleratzen jarraitu arren, orratz takoiak galtzada harrietan bezala iltzatuta geratuko zitzaizkion talk show horretako bi denboraldi eta ehun atalak, platoetako fokuen argipean berriro agertzeko ahala egin baitzuen 2009an. Orduantxe estreinatu zuten berak epaitutako RuPaul’s Drag Race lehiaketa.

Telebistako beste saioak bezalakoxea da, alde batera utziz gero, noski, transformismoak bereizten duela. Asteroko erronketan —izan emanaldia egitea, komedia, antzeztea, jostea...— garaile bat izaten da, eta galtzaile pare bat: hil ala biziko karaokearen arabera erabakitzen dute nor doan pikutara. Azkenean, bakarrak eramaten ditu etxera harribitxidun koroa eta zetroa. Patrika beteak ere bai.

RuPaul drag queen-a Supermodel of the World (1993) albumeko kontrazalean. TOMMY BOY RECORDS
RuPaul 'Supermodel of the World' (1993) albumeko kontrazalean. TOMMY BOY RECORDS

Trabestiek egiten duten tankeran, formatuak badu hamarkada horretan sortu ziren beste reality show-en imitaziotik. «Kendu paretik, Tyra [Banks aurkezlea] eta America’s Next Top Model, badator-eta arauak hankaz gora uztera datorren lehiaketa berri bat», zioen lehen denboraldiaren iragarki batek. Xedea zen honako lau baldintza hauek bilduko zituen hurrengo drag superizarra bilatzea: adoretsua, liluratsua, urria eta antzeduna izatea —egiari zor, lehen bi denboraldietan aurkezlearen izaeratik eta estetikatik hurbil zebiltzan erreginek irabazi zuten, bere oinordetza kameren aurrean uzteko asmoa izango balu bezala—. Urteak joan eta urteak etorri, kortseetako kordak askatuz joan diren neurrian, geroz eta drag estilo gehiagok lortu dute errepresentazioa, trabesti bakoitza bat eta bakarra den erakusle. Badago are gehiago egiterik.

Zera esan zuen RuPaulek The Guardian egunkariari emandako elkarrizketa batean: «Drag-ak arriskuaren eta ironiaren zentzua galtzen du gizonek egin ezean, funtsean aldarrikapen soziala baita, ‘izorrai’ handi bat gizonen menpeko kulturari». Hitz horiekin, antzokietako oihalak itxi zizkien muturrean gizonei ez, gainontzekoei —jakinda, gainera, parte hartu ostean edo lehiatu bitartean, zenbaitek adierazi zutela emakume transak zirela: Kylie Sonique Love, Monica Beverly Hillz, Gia Gunn eta Peppermint...—. Damutu zen esandakoarekin, eta, ordutik hona, sexu-genero disidenteei ere merezitako tokia eman die. Drag Race formatua AEBetatik kanpo hedatu da dozenatik gora herrialdetara, Bilboko Aste Nagusiko Pinpilipauxa konpartsako purpurinaren moduan, eta zenbaitzuek ez dute duda-mudarako biderik utzi, horietan ere izan baitira emakume zisak.

Horretaz harago, ikusteko dago erreginez gain beste drag motarik inoiz ikusi ahalko den, adibidez, drag erregerik ez baita azaldu oraindik reality show-an. Izan, izan dira aldi gutxi batzuk non lehiakideak itxura maskulinoarekin atera diren pasarelara; esku bateko behatzekin konta daitezke, eta, lehen RuPaulen aurrean horrela aurkeztea ausarkeria zen arren, badirudi ikasi duela arteari ezin zaiola mugarik jarri, hainbat gutxiago trabestien diziplinari. Ea, denborak esango du. Eta ez da ez ditugulako ikusi bi horiek beste lehiaketaren batean; The Boulet Brothers’ Dragula-n, bat aipatzearren, denetariko artistei egiten diete gonbita.

Bada, imajinatu gurean Altxa Lili kabareteko Maiana Etxeberri Glowdi abesten entzutea norbaiten «je ne sais quoi» horrek maitemindua duela, voulez-vous cou-xerka ariko balitz bezala; pentsa zer soineko panpox bezain galant luzituko lituzkeen Donatella Manik, puntadaz puntada norberak josiak; irudikatu Divina Comedia, bere izenari zor, bakarrizketa batean. Kontxo!, ETB1en gisako lehiaketarik ez egonda ere, badago aipatutakoak ikusteko modurik: babestu bertako trabestiak eta ikusi muntatzen dituzten showak, mesedez eta mileskuir!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.