«Zuen laguntza eta esfortzu onari esker gure erresuma batu eta baretu delako, poztu egin behar genuke denok». Katalina I.ak eta Joan III.ak Nafarroako Gorteei, 1507ko uztailaren 6an.
Gora Joan III.a eta Katalina I.a! Gora Nafarroa librea! Gora gu eta gora galeak! Gure erresumako berezko eta legezko errege-erregina, Iainkoaren graziaz gure agintari eta jaun-andere eta jabe agurgarriak: Agur. Nik, Dorrettoko jaun, Argako kantziler eta Kixoteko laguntzaile izateaz gainera, batez ere-batez ere, Panzaz Antso naizen honek, nire ezpataren aho handia lekuko fidel eta bakartzat harturik, mezu alegera bat igortzen darauritzuet zori oneko 1512ko uztailaren 6 honetan: altxatu egin da gaur nazionea zuen mesedeko. Leringo kondearen eta Gaztelako tropen asmo inbaditzaileen eta su eta odolezko mehatxuen beldurrik batere gabe, erresuma zutitu egin da Iruñean hiria liberatzeko izuaren zale direnengandik.
Eguerdian hasi da dena. Egunero ohi dudanez, jauregitik paseoan atera naiz, baina gaur hiri erdigunean jende sailak ikusirik, hara joateko deliberoa hartu dut. Ez nuke jakinen bertara jinikoen zenbatekoa estimatzen, baina jende abil, animos eta jentilez beterik ziren kaleak. Uniformatuak eta gudari nafarrak hek orok, eta norbaitek zerbait esateko miraz. Indar hori ikusirik, 11:59ean egin dut nire aldarri ezinago sentitu xehea: «Behera okupatzaileak! Gora Katalina eta gora Joan!». Nire baitarako baino ez dut erran, inork ez entzuteko maneran, baina, nonbait, jendeak entzun egin deraut, eta «gora!» egin dute hek ere nirekin aldarri. Baina hek, nik ez bezala, ezinago ozen. Etxe eta gazteluetako hormetako harriak dantzan jartzerainoko grinaz. Eta kausa honengatik, hiri guztia altxatu da zuen zerbitzuko. Eta kanoi tiro bat entzun da gero, guztien plazererako.
Eta orduan Iruñea altxatu da, eta altxatu da halako moldez, ezen Leringo kondearen indar eta gerlariek orok ezinen duten ezer egin udaletxe plazara jiniko gazte indartsu eta jori sailaren borondate fierraren aurka. Eta ez da hori dena. Gero, nehork agindurik eman beharrik gabe, setioa hasi baitute gudariek plaza ber horretan arratsaldean, gaztelako erasotzaileen mesede ezkutuko lanean ari omen den beaumontar jaun bati kontra egiteko. Hainbeste izan dira gerlariak, ezen guda bat bainoago festa bat baitzirudien. Oro abesti, oro dantza.
«Riau, riau!», egin dute oihu denek. Behin eta berriz. Eta urteak egin derautadanez Iruñean, eta nafar jende hauen tradizioneak dazagutzadanez, erran ahal derautzuet hitz ilun horien tradukzionea zinez dela argi eta ederra. «Riau, riau!», egin du oihu jendeak, baina horrek gure lengoaje propioan erran nahi duena da «gora Nafarroako errege-erreginak, eta Nafarroako erresuma librea!».
Eta afera ez da Iruñera mugatzen ahal, zuen zerbitzari xume honek kontatzen ahal derautzuenez. Mezulariak igorri derauzkidate Mirengo Rubiotarren leinukoek eta Rodriguezko Mikel Lesakako jaun jantziak. Eta ez da nolanahikoa hen eskuetatik jasotako informazionea: Lesaka ere altxatu da zuen zerbitzuko. Eta hek tropak biltzen ari zirela ikusirik, Azpilkuetan ere boluntario sorta joan da herrira erresumaren defentsan.
Dakusazuenez, erresuma zuen itzuleraren miran da. Eta Iruñera jinez gero, Gaztelak ez luke indar nahikorik zuen hiriburuan bilduriko gudarien grina zapaltzeko. Poztekoa da berria, eta haren inportantziaren jakitun, eta ez dadin izan gaizki ulerturik eta asmo txarreko interpretazionerik, jaso hitz hauek nik idatzi bezal-bezala. Paraturiko hitz bakoitzaren zama historikoaz eta larritasunaz. Garbi. Nire eta zuen arteko inolako mediazionerik gabe.
[Erredakzionean itzulia]
Ezkutuko kronikak
Erresumaren altxamendua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu