Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Erramu 14

2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Erramuz, Jerusalemen, errege baten gisa Jesus sartu zela; horrela dio Ebanjelioak, bere aste dorpearen hasiera zela eta. Hainbeste bazterretako gertakariek badute, honi datxikola, pentsaraztekorik. Eta, lehendabizi, duela ehun urte Europan iragan ziren garaiak. Denek azpimarratzen dute itxaropenez eta edertasunez betea zen mundu bat eroriko zela ondoko udan, Sarajevoko hilketaren haritik. Zientzien aurrerapena, Art Nouveau horrek ekartzen zuen halako gozotasuna, elektrika eta burdin bideen garapen erraldoia...

Ahazten da, hala ere, nolako miseriak, klase sozialen ezberdintasun eskandalagarriak mundu honen osatzaile nagusiak zirela. Eta ez da baztertu behar kolonialismoaren garai ospetsuena zela, Afrika hainbeste aztaparren artean puskaturik, Alemaniaren pretentzioneak mugatu nahi zituztela ingeles-frantsesek. Ekonomiaren jabetasuna zela orduan ere ardatz nagusi. Beharbada, orduko armadetako buruzagien furfuria ere aipatzekoa da, beren kolore biziko jantziekin, papo medelaz beterekin, txapel lumadun edo saihetseko ezpata zilarrezkoekin.

Gaur ere erortzekotan den mundu batean kokatzen garela aldarrikatzen dute ez bakarrik Jeremias bezalako profeta ilunek, baita pentsalari askok ere. Afrikatik datozen hainbeste iheslariek gure kontzientzia garbia zauritzen dute, Felliniren E la nave va filmean bezala, gure banketeetara gomit bortxazkoak heldu zaizkigu. Duela ehun urte, Afrikatik bortxaz ekarri zituzten Frantziako lubakietara kanoi haragi dohakabe. Irri egiten zuten hemengo soldaduek hiltzen zituzten alemanei belarriak mozten omen baitzizkieten. Basak «deretxoaren alde» bihurtuak, dena zilegi, beraz. La nave va berriro, alde berdinera, baina gure Aste Santuaren profeta berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.