Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Erdal irratia

2016ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Oinordeko? Zoragarria izan zen Onda Vascak orain bi aste egin zuen atzera begirako monografikoa Herri Irratiaren jaiotzaren 55. urtemuga gogoratuz. Zapore gozoaren ostean, nolanahi ere, zalantza mikatza geratu zitzaidan: zer transmititu nahi izan zigun, OV iraganeko irrati haren oinordeko sentitzen dela? Baietz beharko genuke esan, itxura batean, kontuan hartuta bi kontu: Onda Vasca Herri Irratia izan zela bere hasieratan, nahiz eta bat-egitea baino gehiago irenste traumatikoa izan. Eta, bestalde, zein den irrati mitikoaren bultzatzaile gehienen ideologia politikoa (Beloki, Ordozgoiti, Iriondo, Arteaga...). Ziurtzat jotzen badugu haien ideologiak euskaltzaletasuna lehenesten zuela? Orduan, zer? Zalantzak uxatzeko, esatari beterano haiei OVrekin euskarak aurrera ala atzera egin duen galdetzea bezalakorik ez dago.

Irrati erdalzalea. Onda Vascak zer eskaini nahi digun ondo finkatua dauka, zazpi urteren ostean. Euskara elementu marjinaltzat dauka, eta ez zaio aurrerapausorik emateko borondaterik igartzen; iaz estreinaturiko web orria horren lekuko da. Graduazio handiko lupa behar da programazioan euskara topatzeko. Soilik Jaime Zubia eta Imanol Arrutiren Baserria irratsaioa (igandetan, 07:00-08:00) atrebitzen da euskara naturaltasunez erabiltzera. Beste bizpahirutan euskara pilulatan dosifikatuta datorkigu. Astegun eguerdietan, Olatz Iarzak Gipuzkoako kale nagusia irratsaioan —soilik Gipuzkoako eremuan— tarteka egiten du elkarrizketaren bat euskaraz. Igandetan ere bada beste saio diglosiko bat, Euskal kultura izenekoa (17:00-18:00); portzierto, kaka nahaste kontzeptualaren paradigma izan daitekeena, zaku berean sartzen baitizkigu Xabier Montoia musikari eta idazlearen euskarazko azken nobela, Donostiako Zinemaldia edo eta Powder Her Face opera.

Sintomatikoa. Eta etsigarria egiten zaigu, adibidez, Imanol Arruti gaztelaniaz aritzea Abel Barriola pilotariarekin, uda partean Iñaki Mujika omnipresentearen La Movida deportiva saioaren gidaritza hartu duen honetan. Mujika eta traza berekoen- gandik ezin espero euskararen aldeko keinu errealik (Kaixo denoi! diosala egiteaz aparte). Bainamikrofono aurrean euskaraz ondo moldatzen diren esatari gazte bakan horiek ez al lukete eduki beharko hizkuntza askatasun handiagoa euskal nazionalismoan kokatzen den irrati batean?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.